Eguberrietako kanpainaren inpaktu ekonomikoaren eta hiritarren balorazioaren errepasoa egin dute gaur Udalean

Eguberriak amaitu zirenetik hilabete batzuk igaro ostean, 2024ko Eguberriek utzitako datuen azterketa egin dute Irun Udalean. Udaleko lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako ordezkari Nuria Alzagak eta Gobernu Irekirako eta Herritarren Arretarako ordezkari Jon Ugartek 2024ko abenduaren 4tik 2025eko urtarrilaren 6ra arte luzatu zen kanpainaren balorazioa egin dute. Zehazki, eguberrietako kanpainaren inpaktu ekonomikoari buruzko txostenaren eta kanpainaren inguruan telefonoz egindako inkestaren emaitzen berri eman dute.

Inpaktu ekonomikoa

Batetik, inpaktu ekonomikoari dagokionez, aipatzekoa da lehenengo aldiz egin dela Irunen horrelako txosten bat. Helburua datozen urteetan neurketa zehatzagoa egiteko oinarriak finkatzea izan da, datuek joerak adierazten baitituzte, hurbilketa moduko bat baitira; zehatza, hori bai, baina, joera eta hurbilketez ari garen aldetik, aldakortasunaren esparruan gauden aldetik, ez metodologia sendotutakoan ustez izango den bezain xehea.

Alzagak nabarmendu duenez, “argi daude eguberrietako kanpainaren aldeko egin diren apustuak azken urteetan. Udalak lan handia egiten du kanpaina anbiziotsuak egiteko, eta egokia iruditu zaigu azterketa hau egitea, hilabetetik gorako sustapenak zer-nolako inpaktu erreala izan duen ikusteko. Txosten pilotu bat da, oinarri metodologikoa ezartzen duena. Honek hurrengo ekitaldietan horrelako analisi motetan sakontzen lagunduko digu”.

Txostenaren arabera, eguberrietan Irunen egindako gastua 36,4 milioi euro izan zen: 30,3 milioi irundarrek beraiek gastatu zituzten, eta 6,1 milioi, bisitariek. Horrela, eguberrietako kanpainak 3,86 milioi euroko zuzeneko inpaktu ekonomikoa izan zuen hirian, eta itzulkina ia 3,2 milioi izan zen; alegia, 5,8 aldiz Udalaren inbertsioa.

Inpaktua zabala eta askotarikoa izan zen, Irundik bertatik eta Hondarribitik ez ezik Oiartzualdetik eta Donostia aldetik eta are Nafarroatik eta Iparraldetik iritsi baitzen. Irungo eguberrietako kanpainaren dualtasunaren fruitua da hori, jarduerak irundarrentzat antolatzen baitira, bisitariek ere gozatzeko moduan baina.

Txostenak azpimarratzen duenez, eguberrietako kanpainak enplegu sorreran ere izan zuen eragina: 2024ko abenduan, 489 kontratu egin ziren hiriko merkataritza eta ostalaritza sektoreetan (hurrenez hurren, 204 eta 285); hiri osoan egindakoen % 46.

Hirira etortzeko arrazoiei dagokienez, txostenaren esanetan, % 49 aisialdia ematera etorri zen; % 32,7, erosketak egitera; eta % 7,6, eguberrietako kanpainak erakarrita. Gaiei dagokienez, berriz, kanpainaren barruko ekitaldi nagusitzat Errege Magoen desfilea, azoka eta argien piztuera jo dira.

Udalaren eguberrietako kanpaina

Bestetik, udal ordezkariek eguberrietako kanpainaren inguruan herritarrei telefonoz egindako inkestaren emaitzen berri ere eman dute. Hirugarren urtez jarraian egin da inkesta, herritarrek egitarauaren inguruan duten iritzia jakiteko eta datozen urteetarako zer gai hobetu daitezkeen eta zer proposamen egin daitezkeen identifikatzeko. Bada, antolatutako jarduera guztiek 10 puntutik 8 baino gehiago lortu dituzte.

Ugartek adierazi duenez, “herritarrek oso harrera ona egin diote aurtengo kanpainari, baina Udalak hobetzeko lanean dihardu eta jardungo du beti. Beste urte batez, balorazioa ia bikaina da, baina hori ez da nahikoa guretzat: datuen barne azterketa egingo dugu, zer gai hobetu ditzakegun ikusteko eta etorkizunean hobekuntzak egiteko. Azken batean, gure helburua hirira produkturik onena ekartzea da beti”.

Telefono bidezko inkesta urtarrilaren 10etik 21era arte egin zen. Zortzi galderak osatu zuten, eta Irunen bizi diren 18 urtetik gorako 401 pertsonak erantzun zieten. Errore marjina % 5 zen, eta konfiantza maila, % 95.

Parte hartze handia

Aurreko urteetakoen aldean, parte hartzea handiagoa izan zen oro har. Inkestaren emaitzen arabera, berriro ere, Zabaltza plazako eguberrietako azoka izan zen bisitari gehien erakarri zituen jarduera, inkestari erantzun diotenen % 68,6 bertaratu baitziren. Izotzezko pistetan % 59,1 egon eta/edo ibili ziren, eta Errege Magoen desfilean % 58,1 izan ziren.

Baloraziorik onena ohiko hitzorduentzat

Parte hartzaileek jarduera hauei eman dizkiete puntu gehien: Amaia KZko eguberrietako ongintzako kontzertuari (8,7), San Juan plazako eguberri kanten kontzertuari (8,7) eta Gabonetan Gogoz programari (8,6), zeina adinekoentzako zentroetan eraman zen aurrera. Olentzero eta Mari Domingirentzako gutunen bilketari, berriz, 8,4 puntu eman dizkiete, baita Amaia KZko eta Palmera-Montero Guneko erakusketei eta San Juan plazaren eta Colón ibilbidearen inguruko kalejirei.

Inkestaren arabera, herritarrek gero eta gehiago ezagutzen dituzte eguberrietarako antolatutako jardueren berri izateko kanalak; batez ere, informazio panelak eta Udalaren webgunea. Sare sozialak eta IrunApp aplikazioa berriagoak eta teknologikoagoak direnez, oraindik ez dira erabiltzen asko, baina iaz baino gehiago baliatu dira Udalaren jardunaz informatzeko

Hirko ekonomian eragina

Urtetik urtera, herritarrek gero eta garrantzi gehiago ematen diete eguberrietan hiria erakargarriagoa izateko antolatzen diren jarduera eta ekitaldiei.

Inkestari erantzun diotenen % 97ren ustez, eguberrietako jarduera espezifikoen egitarau bat prestatzea irundarrek beraiek aisialdia hirian eman eta gozatzeko erakargarria da; % 93ren ustez, oro har, hiriko ekonomia hobetu eta bizkortzen du; eta, % 84ren ustez, inguruko udalerrietako turista eta bisitariak erakartzeko balio du.

Eguberrietako apaingarri eta argiei dagokienez, bestalde, % 91ri aurtengo instalazio guztia gustatu zitzaien: zehazki, % 65i gustatu egin zitzaien, eta nahikoa iritzi diote, eta % 26ri, gustatu egin zitzaien, baina areagotu eta hiriko beste leku batzuetara hedatuko lukete.

Mugikortasuna

Eguberrietan, inkestari erantzun diotenen % 79 inguru oinez sartu ziren hiriko erdialdera; % 8, ibilgailu partikularrean; % 7, garraio zerbitzu publikoetan; eta % 2, bizikletan, motoan edo patinetean. Herritarren % 4,3, aldiz, ez ziren sartu ere egin.

Aurreko urteetan bezala, arratsalde batzuetan, kalean antolatu ziren jarduera eta ikuskizunak zirela-eta, Colón ibilbidea oinezkoentzat erreserbatu zen. Bada, inkestari erantzun diotenen % 74k ontzat jo dute kalea ixtea: hain zuzen ere, % 69 bat etorri dira, eta neurria egokitzat jo dute, eta % 5ek, gainera, maizago hartu beharko litzatekeela iritzi diote; aitzitik, % 16k kontrako iritzia eman dute; eta, azkenik, % 9ri berdin izan zaie.

Etorkizunerako eskaerak

Inkestari erantzun diotenen hamarretik zazpiren ustez, egungo egitaraua egokia eta nahikoa da, baina, hamarretik hiruren ustez, azoka handitu beharko litzateke, eta jarduera gehiago antolatu ongintzako kontzertuaren inguruan. Hamarretik biren ustez, berriz, argiak pizteko ekitaldia eta Erregeen desfilea hobetu beharko lirateke.

Programatutako jarduerei buruzko galderek ez ezik, inkestaren bukaeran, urtero, galdera ireki bat egiten da, herritarrek egitarauaren barruan zer beste jarduera sartuko lituzketen jakiteko. Bada, aurten bildutako proposamenen artean, aipatzekoak dira argiak hiriko auzo guztietan instalatzeko eskaera, zuzeneko kontzertu eta jarduera gehiago antolatzekoa, eta antolatzen diren jardueretan euskara gehiago kontuan hartzekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude