Santiagotarrak-Urbycolaneko Nesken K-4ak Estatuko Kopan zilarra lortu du

Mutilak podiumaren atarian geratu ziren 0,05 segundogatik

Pasa den asteburuan, apirilaren 15ean eta 16an, Trasonan (Asturias) egin zen Espainiako lehen Kopa eta, egun batzuk lehenago, nazioarteko lehiaketetako taldeak osatzeko selekzio nazionala. Santiagotarrak taldeko palistek hamahirugarren postua lortu zuten ehun talderen artean.

Nerea Garciak egin zuen paper onak 23 urtez azpiko Munduko Txapelketarako txartela eman zion Italian, K1 200 metroko distantzian. Era berean, Aitor Gorrotxategik hilabete barru Hungarian jokatuko den 1. Munduko Kopako K-4 500 metroetako probarako sailkatu zen.

Saileko kirolari guztiek emaitza bikainak lortu zituzten. Aipagarrienak hauek izan dira: alde batetik, zilarra K-4 500ean, Maialen eta Uxue Arsuaga seniorrak, Nerea Garcia eta Carla Corral asturiarra, azken hau fitxaketa bikaina; bestetik, Ian Anatol, Aimar Platero, Markel Juaristi eta Iñigo Irastorza juniorren laugarren postua, 1000 metroko distantzian.

K-2 200 metroan, Carla eta Nera bosgarren geratu ziren, eta Uxue eta Maialen ahizpak seigarren. K-1 200en kasuan, Nerea bosgarren postuan iritsi zen (1. sub23), eta Uxue hamaikagarren (3. sub23).

1000 metroko distantzian piraguista irundarrek maila ona erakutsi zuten. Beñat Arsuagak, Aitor Gorrotxategik, Ekaitz Aizpioleak eta Eneko Egigurenek osatutako K-4 seniorra zortzigarren sailkatu zen. Era berean, Beñat eta Aitorrek K-2an B finala irabazi zuten, hamargarren postua lortuz. Ian eta Markel juniorrak zazpigarren sailkatu ziren eta Ane Amostegi eta Maite Gorrotxategi juniorrak seigarren. Carla Corral bederatzigarren geratu zen K-1ean.

Emaitza bikain hauekin Santiagotarrak klubeko palistentzako pista denboraldia inauguratu da. Hau hasi besterik ez da egin, datorren asteburuan kadeteek, juniorrek eta saileko seniorrek Espainiako Maratoi Kopa jokatuko baitute Galizian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude