Inoiz baino bisita gehiago izan zituen udal webguneak 2022an

Informazioaren Gizarterako eta Herritarren Partaidetzarako ordezkari Mónica Martínezek udal webguneko 2022ko jardunari buruzko oroitidazkiaren datuak eman ditu.

Udal webgunea herritarrei informazioa emateko eta Administrazioarekiko tramite elektronikoak egiteko gure erreferentzia nagusia da. Urteen joanarekin, bisita kopurua gero eta handiagoa da; neurri handi batean, gero eta erraztasun handiagoak eskaintzen ditugulako, gero eta gestio gehiago alegia, eta Udalarekin komunikatzeko bide erraz bat delako. Gainera, gogoan izan beharra dago udal webgunea badela gardentasunarekin hartu dugun konpromisoaren funtsezko tresna bat ere”, nabarmendu du Mónica Martínezek.

Zehazki, 2022an, irun.org webguneak 1.233.414 bisita izan zituen, 150.000 gehiago (% 13,9 gehiago) 2021ean baino eta pixka bat gehiago 2020an (COVID-19 pandemiaren lehen urtean) baino; hain zuzen ere, urte hartakoa zen aurreko errekor historikoa.

Aurreko urtean bisitatutako orrialdeen guztizko kopurua 3.330.125 izan zen; hau da, batez beste, udal webguneko bisita bakoitzean, 2,7 orrialde bisitatu ziren. Eguneko batez besteko bisita kopurua, berriz, 3.379 izan zen; jardunik handieneko eguna, ostirala; eta bisita gehieneko ordua, eguerdiko 11etatik 12etara bitartekoa.

Bestalde, bisiten hilabetearen araberako banaketa Udalak urteko sasoi bakoitzean sustatu zituen kanpaina eta ekimenen adierazgarri da. Horrela, jardunik handieneko hilabetea ekaina izan zen: orduan, besteak beste, bertako merkataritza eta ostalaritza sustatzeko bonuen programaren puntu gorena izan zen, eta udarako kontziliazio laguntzak eta ikasmateriala erosteko laguntzen programa jarri ziren martxan.

Smartphoneak dira irun.org atarian sartzeko gailu nagusia: 2022an, bisiten % 65 haien bidez egin zen, eta % 34, ordenagailuaren bidez. Alde horretatik, webgunea arakatzeko modua nabarmen desberdina da erabiltzen den gailuaren arabera, smartphoneen bidez sartzen direnak zuzenean eta denbora laburrerako sartzen baitira: 2022an, 1:32 minuturako; ordenagailuaren bidez sartu zirenak, berriz, 3:05 minuturako sartu ziren.

Eduki berriak

2021 erdialdean, berritu egin zen webgunea, eta, ordutik, formatu dinamiko eta ikus-entzunezkoagoa du, eta kultur arloko eta aisialdiko agendara eta berrietara sartzeko bidea errazten du. Gainera, egoitza elektronikoko tramitazio eta gestio zerbitzuetara sartzeko bidea zuzenagoa da.

Udal programa, dirulaguntza eta ekimenei buruzko informazioa egunero berritzeaz gain, 2022an, zenbait berrikuntza interesgarri egin ziren irun.org webgunean. Besteak beste, GazteArtean atarian, gazte irundarrentzako informazio guztia bildu zen; partaidetza bidezko aurrekontuei buruzko webgunearen diseinua eta edukiak berritu ziren; eta, Olaberria Ibarreko Plan Bereziari buruzko mikrositean, Planari buruzko dokumentazioa argitaratzeaz gain, plano interaktiboak eta infografiak jarri ziren. Era berean, Udalbatzaren osoko bilkuren bideoakta azpitituludunak eta grabazioak jasotzeko atal berri bat sortu zen; zerbitzuak, gainera, bilkuren bideoetan termino jakinak bilatzeko aukera ematen du, baita bilkuretan lantzen diren gaiei buruzko alerta pertsonalizatuak jasotzeko zerbitzu batean izena ematekoa ere.

Bestalde, webgunea gaika sailkatu izanari esker, errazagoa eta azkarragoa da Udaleko zerbitzuek sortzen duten informazio guztira sartzea. Horrela, 2022an, honako hauek izan ziren bisita gehien izan zituzten atari tematikoak: Herritarrentzako Arreta Zerbitzua eta egoitza elektronikoa (bistaratutako orrialde guztien % 53), Kirolak (% 10), Gazteria (% 10), Gizarte Zerbitzuak (% 6) eta Kultura (% 3).

Udalaren egoitza elektronikoa

 2022an Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (irun.org/sede helbidean) jasotako eskaeren kopurua 28.131 izan zen, aurreko urtean baino pixka bat txikiagoa baina 2021 aurreko urteetan baino handiagoa.

Egoitza elektronikoaren bidez egindako tramite nagusiak, instantzia eta eskabide orokorrak eta dokumentazioa aurkeztekoez gain, ikasmateriala erosteko laguntza eskuratzekoak, kiroldegietan eta Eskola Kirola eta Solas-Jolas programetan izena ematekoak eta Udalak ematen dituen dirulaguntzak eskatzekoak izan ziren, eta lanak egiteko baimenak eskatzekoak eta establezimenduak urtean zehar bertako merkataritza eta ostalaritza sustatzeko egindako kanpainetara atxikitzekoak ere aipagarriak izan ziren.

Udal Informatika Zerbitzua

Udal Informatika Zerbitzua Udalaren sare informatikoa eta Udalaren telekomunikazio sistemak kudeatu eta administratzeaz arduratzen den unitatea da, eta informazio eta komunikazio teknologiak Udalaren zerbitzuak hobetzearren aplikatzeko proiektuak garatu ere egiten du: bai barneko zerbitzuak hobetzeko; bai herritar, enpresa eta entitateentzako zerbitzuak hobetzeko, hala nola Udalaren webgunea eta Udalaren egoitza elektronikoa.

2022an, zerbitzuak lan handia egin zuen bere eskumen esparru guztietan: udal sistema informatikoak mantentzeko lan arruntak egiteaz gain, nabarmentzekoa da zerbitzariak eta sarearen memoria hobetu zituela, zibersegurtasuna hobetzeko neurriak hartu, eta udal kudeaketarako aplikazioak eguneratu eta berritu. Era berean, Udalaren egoitza elektronikoa berrantolatu eta berritu zuen, sarrera bateratzeko, baita online tramite berriak igo ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude