
Hiru jardunaldi falta zaizkio Zaisa Txingudi taldeari aurtengo liga amaitzeko. Iñigo Camarero eta Leire Muñoz Caoren mutilek Sortzen C/Beltzak taldearen aurka jokatuko dute larunbatean. Biok Txingudik, aldiz, Bilbon izango du asteburuko hitzordua. Harobiko taldeek ere hainbat hitzordu izango dituzte asteburuan zehar.
Zaisa Txingudi
Gizonezkoen taldeak Sortzen C/Beltzaken aurka etxean jokatuko du 16:00etatik aurrera Plaiaundin. Hiru jardunaldi baino ez zaizkio geratzen Zaisa Txingudiri aurtengo liga amaitzeko eta sentsazio onenekin amaitu nahi dute Iñigo Camarero eta Leire Muñoz Cao entrenatzaileek. Mugakoak azken sailkatuak dira hamabi punturekin eta, garaipena lortuta, aste honetako aurkaria, Sortzen C/Beltzak, aurreratzeko aukera izango luke.
Txingudik oso joko ona erakutsi du denboraldian zehar, baina jokalari gutxi izateak taldearen lehiatzeko aukerak asko mugatu ditu. Aurrean, aurten oso irregularra izaten ari den taldea aurkituko du, hortaz, larunbatean garaipena eta puntuak eskuratzea ez da ezinezkoa.
Partida honetan, gainera, keinu berezi bat egingo dute Zaisa Txingudiko jokalariek, gorriz jokatuko baitute Orereta Rugby Taldearen elastikoekin.
Errenteriako taldea 1985ko otsailean sortu zen eta Lasarte-Oriako Beltzak zituen aurkari kuttun bezala Euskal Herriko Rugby Eskola Independienteak antolatzen zituen txapelketetan, 90. hamarkadan bi taldeak desagertu ziren arte. Lasartearrek 2009an birsortu zuten haien taldea, Zarauzko taldearen laguntzarekin, eta orain errenteriarrak lan horretan dihardute Txingudirekin elkarlanean.
Oarsoaldeako proiektuaren bultzatzaile den Xabi Sanchezen hitzetan “Oreretaren sorreraren 40. urteurrena nolabait omendu nahi dugu keinu honekin. Bi taldeetako beteranoak gonbidatu ditugu Plaiaundira etortzera beraiek aspaldian jokatu zuten partidak gogora ekartzeko”.
Biok Txingudi
Norgehiagoka oso zaila izango du emakumezkoen taldeak larunbatean, Bilbon jokatuko baitu 15:30etatik aurrera Uni Bilboren aurka. Bilbotarrak lehenengoak dira sailkapenean eta Euskadiko txapela berriz eskuratzeko lan gogorra egiten ari dira. Fase honetako lehenengoak play-offeko finalerako zuzeneko sailkapena lortzeaz gain, Ohorezko B mailara igotzeko promozioa jokatuko du.
Txingudik, aldiz, play offa jokatzeko sailkapen matematikoa lortu dezake jardunaldi honetan. Bilboko partida galduta ere, Neskak Loratzenek ez badu garaipena lortzen, mugakoak sailkatuko dira.
Hala ere, Asier Gonzalez, Alejandro Lasa eta Patxi Artola teknikariak buru belarri ari dira norgehiagoka prestatzen, taldeak jokorik onena erakus dezan Errekaldeko errugbi zelaian.
Harrobiko taldeak
Gizonezkoen taldearen aurretik, 16 urte azpiko Txingudi/Baztan taldea arituko da Plaiaundiko berdegunean Gernika/Arratikoren aurka 13:00etatik aurrera. Bizkaitarrak ere izango ditu arerio Gabiria 18 urte azpiko Txingudi/Bera Bera/Baztantaldeak Donostiako Puio zelaian larunbatean 13:30etan. Azkenik, 14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldeak Hernanin jokatuko du larunbatean 11:00etan.



