Arbesko bizitegi eremu berrira sartzeko bidea urbanizatzeko lanen proiektua eta lizitazioa onartu dira. Hala jakinarazi du gaur goizean Cristina Laborda Irungo alkateak udaletxeko areto nagusian emandako prentsaurreko batean. Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzarrak asteazkenean egindako bilkurako bosgarren puntua izan zen erabaki hori. Lanak egiteko guztizko aurrekontua 2.123.321,71 euro da, BEZa barne.
Cristina Labordak nabarmendu duenez, aurrera doaz Arbesko egoitza berria izateko bidean: “adinekoak gure politiken oinarrietako bat dira , eta proiektu honi esker, hiriaren eskaera historiko bat dena, eta, behar bezala erantzungo diegu bere iruzkinei”. Alkateak azaldu duenez, hiriko adinekoen elkarteekin egindako elkarlana funtsezkoa izan da ekipamendu berria gauzatzen joateko. “Gainera, lehentasunezkoak iruditzen zaizkigun helburuak lortzen lagunduko digu bizitegi multzo honek: nahi ez duen inor bakartuta ez egotea, segurtasuna transmititzea eta adinekoen autonomia pertsonala sustatzea”, erantsi du Laborda.
Arbesko egoitzako lanak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2023ko maiatzean onartu zuen Arbesko egoitzaren proiektuaren esleipena, Udalak Aldundiari Arbesko lurretan instalazio hori eraikitzeko kudeaketa agindua eman eta hamabi urtera.
2011n, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidasoaldeko adinekoentzako ekipamendu sozialen eskariari behar bezala erantzuteko, hitzarmen bat sinatu zuten, eta, haren bidez, Udalak Arbesko hirigintza eremuko partzela bat laga zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiak bizitegi ekipamendu bat eraiki eta kudea zezan, eta bi konpromiso hartu zituen bere gain: bizitegi ekipamendua lehenengoz okupatu aurretik urbanizazio lanak egitea eta proiektuaren barruan adinekoentzako 48 apartamentu sortzea.