Osasun Bidasoa plataformak salatu du Bidasoa Ospitalea pediatriako larrietako zerbitzua itxi egingo dela. Osakidetzak iragarri du eskualdeko pediatriako arreten irisgarritasuna eta kalitatea hobetzeko erabakia izango dela. Plataformak uste du eskualdeko osasun-zerbitzu publikoak gero eta okerrago funtzionatzen duelaren erakusle dela.
Gaur egun, pediatrek 8:00etatik 15:00etara artatzen dituzte Bidasoako haurrak beren osasun-zentroetan. Lanegunetako arratsalde eta gauetan, 15:00etatik 8:00etara arte, eta baita larunbat eta jaiegunetako 24 orduetan ere, haur larrialdiak Bidasoako ospitalean artatzen dira.
Osakidetzak iragarri duen balizko hobekuntza da pediatra bat mantentzea 3 osasun zentroetan 15:00etatik 17:00etara, astelehenetik ostiralera. Osasun-zentroetako arreta ordutegia egunean 2 orduz luzatuko da, baina Bidasoa Ospitaleko larrialdiak kenduko dira. Ondorioz, eskualdea pediatrarik gabe geratuko da 17:00etatik hurrengo eguneko 8:00etara arte. Beraz, benetako emaitza honako hau da: 15 ordu gutxiago arreta pediatrikoan lanegunetan, eta 24 ordu gutxiago larunbat eta jaiegunetan.
Okerrera doan osasun arreta
Osasun Bidasoatik azaldu dutenez, pediatria, bere larrialdi zerbitzuaren itxierarekin, arreta prekarioa ematen duten zerbitzuen zerrendari gehitzen zaio, “hala nola urologia, erradiologia, minaren unitatea, traumatologia, haurren psikiatria, kardiologia eta neurologia”. Halaber, ospitalea inauguratu zenetik, lehen aldiz gertatu da traumatologorik ez izatea guardiarako, ez modu presentzialean ezta aurkitzeko moduan ere.
Osasun Bidasoak salatzen du Bidasoan osasun-arreta publikoa okerrera egiten ari dela etenik gabe. Pediatriako larrialdiak ixtea beste urrats bat da zentzu horretan. “Egoera horrek agerian uzten du, beste behin ere, Bidasoan Osakidetzako asistentzia zuzendaritzen eta giza baliabideen kudeaketa txarra”, erantsi dute plataformatik zabaldutako komunikatuan. Elkarrizketaren eta lan-baldintzak hobetzearen bidez talentua erakarri beharrean, gure eskualdeko lana erakargarri egiten ez duten neurriak ezartzen dira. Profesionalen kudeaketa txar hori herritarrek jasaten dute, eskuragarri dituen osasun-zerbitzuak pixkanaka murrizten direla ikusten baitute.



