Gipuzkoako Txapelketako Finala jokatuko dute larunbatean 14 urtez azpikoek

14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldeak Donostiako Puio rugby zelaian jokatuko du finala Bultz Bera Beraren aurka larunbatean 11:15etan. Senior taldeek berriz, hitzordu bikoitza izango dute Iruñean eta 16 urtez azpikoek Bilbon jokatuko dute.

Abenturaren amaiera iritsi zaio 14 urtez azpiko taldeari, Gipuzkoako ligako azken partida jokatuko baitute larunbat honetan. Hazkunde handiko denboraldia izan da taldearentzat, partida zailak modu ezin hobean jokatu dituzte, finalerdietan egindako lanak erakutsi zuen bezala. Dena delakoa asteburuko emaitza, taldea pozik dago erakutsitako irudiarekin eta klubetik jokalariak zoriondu nahi izan dituzte ere horregatik. Era berean, Txingudik zaleei dei egin die Donostiara gerturatzeko taldeari babesa emateko.

Jardunaldi bikoitza Iruñan

Zaisa eta Biok Txingudik La Unicaren etxean jokatuko dute larunbatean. Emakumezkoen taldea izango da jokatzen lehenengoa, 12:00etan, eta gizonezkoek 15:00etan egingo dute haien lana.

Irabazi ala galtzeak ez du eraginik izango play-offera sailkatzeko aukerekin, matematikoki barruan baitaude Txingudi zein La Unica, baina bai izango dela erabakigarria kanporaketako aurkaria zein izango den jakiteko. Irabazleak Durangoren aurka jokatuko ditu finalerdiak eta galtzaileak Gaztediren kontra.

Bestalde, gizonezkoen taldeak ligako azken jardunaldia jokatuko du bosgarren posiziora iristeko aukerekin. Erronka zaila izango da, iruindarrak ligako bigarrenak baitira eta igoera fasea jokatzeko ezinbestekoa dute garaipena lortzea. Hala ere, Iñigo Camarero eta Leire Muñozen jokalariek denboraldia ahal duten hoberen amaitu nahi dute, are gehiago azkeneko jardunaldietan erakutsitako jokoarekin.

16 urte azpikoak Bilbon

Asteburu honetan jardunaldia duen beste taldea Txingudi/Baztan 16 urtez azpikoa izango da. 12:30etan Uni Bilbo Bren aurka jokatuko du Errekalden. Ligako azken fasea ez zuten ondo hasi eta egoerari buelta eman nahi diote.

Pazko asteko ludoteka

Klubetik jakinarazi dutenez, Pazko asterako antolatu dituzten ekintzetara izena eman daiteke oraindik. Ekintzak Plaiaundin egingo dira apirilaren 22tik 25era 9:00etatik 13:00etara. Informazio osoa info@txingudirugbyclub.eus helbide elektronikoan eta 688745362 telefonoan aurki daitezke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude