Halloween edo Sorginen Gaua ospatzen dute urriaren 31n herrialde anglosaxoietan. Jatorri zelta du ohiturak, baina mundu osoan zabaltzen hasi da aspaldi. Irunen, Santiagoko Deabruak Kultur Elkarteak antolatzen duen Beldur Pasabidea da gaiarekin lotura duen ekitaldi nagusia. 2004an egin zuten lehen aldiz, Santiagoko bidegorrian. Aurten azaroaren 7an izango da, Ficoba Erakustazokan.
200 metro baino gehiagoko ibilbidea prestatu du Santiagoko Deabruak elkarteak Ficoban. Beldurrezko eta suspenseko filmetan edo literaturan oinarritutako eszenatoki handia da. 27 aktore egongo dira ibilbidean zehar banatuta, generoko pertsonaiez mozorrotuta. Sartzera ausartzen diren bisitariekin elkarreragina bilatuko dute, gainera. Ordu laurdenero sartuko dira ibilbidean 180 lagun inguruko taldeak. Guztira, 2.000 bisitari baino gehiago espero dituzte. Azaroaren 7an, 18:00etatik 22:00etara egongo da pasabidea zabalik. Lau ordu luze bezain dibertigarri izango dira aktoreentzat.
Irailan hasi dira Beldur Pasabidea antolatzen. Asteburuetan elkartu dira, landuko dituzten gaiak eta pertsonaiak erabakitzeko, edo materiala biltzeko eta prestatzeko. “Proposamenak egiten ditugu, gehienetan filmetan inspiratuta. Gero ikusi behar da gai garen ideia horiek aurrera eramateko. Aurten, hiru berrikuntza daude”, azaldu du Josean Burguetek. Jantzi asko eskuz egiten dituzte, eta attrezzoa, kalean bilatzen dute. Lore zimelak, adibidez, kanposantutik hartzen dituztela kontatu du Maika Azkuek. “Zabortegira ere hurbiltzen gara, probetxuzko materialaren bila”, erantsi du Burguetek. Nabarmentzekoa da erabiltzen dituzten gorpuzkiak benetakoak direla, behienak edo ardienak.
Aktoreak amateurrak dira, Santiagoko Deabruak-eko boluntarioak. Esperientzia dezente hartu dute, hala ere, Beldur Pasabidearen aurreko hamar edizioetan. Gakoa antzerkian murgiltzea dela adierazi du Maika Azkuek: “Batzuk beldurtiak edo lotsatiak izaten dira hasieran. Baina behin pertsonaia barneratuta, gainerakoa ahaztu egiten dute”. Gutxieneko adina ezarri dute, hala ere, aktoreak onattzeko. Hamalau-hamasei urtetik gorako gazteak hartzen dituzte. Arrazoia da haurrak zirikatu edo bultzatu izan dituztela aurreko edizioetan. “Arazo txikiak izaten dira, baina denetarik egoten da. Gazte batzuk harrotuta sartzen dira pasabidean”, aipatu du Josean Burguetek.
Sarreran ausartak izaten dira bisitariak. Baina pasabidean aurrera egin ahala, kikiltzen joaten dira asko eta asko. Ihesbideak daude, ez aurrera eta ez atzera gelditzen direlako batzuk. “Ez haurrak bakarrik, gaztetxoak eta helduak ere bai”, azpimarratu du Josean Burguetek. -Gazte batzuk lagunen bat ikusteko asmoz sar-tzen dira, baina ez dute beti lortzen. Makillatzaileen lana dago horren atzean. Boluntarioak izaten dira, makillajean ikasleak edo zaleak. Pasabideari ekarpen handia egiten diote, era berean, Irudi Ots enpresako kideek. Soinu eta argi efektuak prestatzen dituzte, pasabideari errealismoa emateko. “Sekulako muntaia” egiten dutela nabarmendu du Burguetek.
Bidegorriaren xarma gogoan
Ficobak, efektu berezien erabilera errazten du. Gainera, eguraldiari dagozkion arazoak ekiditen ditu. Hala ere, ez du Santiagoko bidegorriaren xarma berbera. “Paraje natural itzela da hura”, gogoratu du Josean Burguetek. Bidegorrian egin zituzten Beldur Pasabidearen lehen edizioak. Maika Azkue aktore izan da hasieratik, eta lehen edizioa presaka antolatu zutela gogoratu du: “Urriaren erdi aldean bururatu zitzaigun. Haurrek Halloween gaua zela eta mozorrotu nahi zuten, eta kaleko antzerki bat egitea otu zitzaigun”. 2004an izan zen. Jendea “txundituta” gelditu zela baieztatu du Azkuek. Ez zuten esperientziarik, baina ilusioarekin eta grinarekin ordezkatu zuten gabezia. “Hasieran odola nola egiten zen ere ez genekien. Lehen edizioan piperrautsarekin saiatu ginen. Kolorea ematen zuen, baina ez behar genuena. Gainera, sekulako kiratsa sortzen zuen”, azaldu du Azkuek.
2011n, Beldur Pasabidea bertan behera utzi behar izan zuten, euriaren ondorioz. Eragozpen hori saihesteko, Ficoba Erakustazokara lekualdatu zuten hurrengo urtean. Lan handiagoa ematen du ibilbidea Ficoban antolatzeak. Alabaina, denbora gehiago ere uzten diete. Hiruzpalau egun lehenago sartu ahal izaten dute Ficoban, eta bi egun uzten dizkiete jasotzeko. Bidegorrian arineketan aritzen zirela esan du Cristina Arretxeak: “Goizeko zortzitan hasten ginen prestatzen. Hamarretan saioa bukatu eta ordu biak arte egoten ginen jasotzen, hurrengo egunean bidegorriak libre egon behar zuelako”. Gastu gehiago ere baditu Ficobak, noski. Horiei aurre egiteko, 2 euroko sarrerak dituzte salgai. Carlos Blanco Aguinaga kultur gunean dagoen Gazte Informazio Bulegoan erosi ahal izango dira, azaroaren 2tik 5era (17:00-19:30). Ikuskizunaren egunean Ficoban salduko dituzte, 17:30etatik aurrera.