Eskualdeko osasun sistemaren narriaduraren aurkako manifestazioa egingo da maiatzaren 31n

Osasun Bidasoa plataforma hiritarrak manifestazioa deitu du maiatzaren 31rako Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdien itxiera salatzeko. Mobilizazioa arratsaldeko 18:30ean abiatuko da Irungo San Juan plazatik.

Osasun Bidasoa Bidasoa eta Bortziriak eskualdeetako 40 erakunde biltzen dituen plataforma hiritarra da. Eskualdean gertatzen ari den osasun-zerbitzuen narriadura progresiboa salatzeko manifestazioa antolatu dute. Osasun Bidasoa Plataformatik uste dute arrazoia hornidura historiko eskasa dela, bai azpiegiturei dagokienez (ospitalea eta anbulatorioak), bai profesionalei dagokienez. “Defizit kroniko horri, gure ustez, baliabideen plangintza txarra eta profesionalen kudeaketa desegokia gehitzen zaizkio”, azaldu dute plataformatik zabaldutako komunikatuan. Hori dela eta, zenbait profesional eskualdea utzi eta Osakidetzako beste eskualdeetara joaten ari direla azaldu dute, beste autonomia-erkidegoetara edo osasun pribatura lan-baldintza hobeak lortzeko.

Plataformatik salatu dutenez, azken hilabeteetan egoerak okerrera baino ez du egin. Kontsulta espezializatu batera joateko edo proba diagnostiko bat egiteko itxaron-zerrenda amaigabeek jarraitzen dute. Urteetan behar bezala funtzionatu duten zerbitzuak profesionalik gabe geratu dira, eta, beraz, herritarrei arretarik eman gabe. Itxita daude haur eta gazteen psikiatriako eta urologiako kontsultak, profesionalik ez dagoelako. Anbulatorioetan pediatrak falta dira, eta apirilaren hasieratik zentro batzuetan larrialdiak baino ez dira artatzen.

Joan den igandetik, apirilaren 13tik, ez da larrialdi pediatrikorik artatu Bidasoa Ospitalean. Familiak Donostia Ospitalera edo Irun Zentroko pediatrarik gabeko LMA larrialdi-zerbitzura bideratzen dira. Bai Dunboan, bai Irun Zentroan, pediatrak falta dira, eta, batzuetan, larrialdiak baino ez dira artatzen.

Komunikatuan irakur daitekeenez, “Gure eskualdeetan osasun publikoa hobetzea defendatzen duen herritarren plataforma garen aldetik, adierazi nahi dugu ez gaudela ados Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak itxierarekin, 36 urtez zerbitzu ona eman ondoren”. Osakidetzak Bidasoan ematen duen osasun-arretaren narriaduran beste urrats bat dela uste dute.

Itxiera ez da konponbidea

Egoera aztertu ondoren, Bidasoa Ospitaleko pediatriako larrialdiak ez ixtea proposatzen dute Osasun Bidasoa Plataformatik. Pediatriako larrialdiak betetzeko, ospitaleko pediatria zerbitzua berreskuratzea proposatzen dute (2012an itxi zena), Gipuzkoako gainerako eskualdeko ospitaleetan indarrean dagoen ereduaren arabera. Oharrean zabaldu dutenez, “helburua da pediatriako larrialdiak gure ospitalean mantentzea, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez, azken 36 urteetan bezala, eta ospitaleko kanpo-kontsultak berriro martxan jartzea”. Ospitaleko pediatrak arduratuko lirateke arreta horretaz.

Pandemia amaitu zenetik, Bidasoa eskualdean osasun-arreta modu kezkagarrian hondatzen ari dela azaldu dute. Arazo horrek Irun, Hondarribia, Bortziriak eta Iparraldean bizi diren herritarrei eragiten die. Bidasoako Ospitalean pediatriako larrialdien itxiera beste urrats bat da noranzko horretan.

Manifestazioa maiatzaren 31n

Osasun Bidasoak herritarrei dei egin die kalitatezko osasun publikoaren alde mobilizatzeko. “Defendatu behar dugu gurea dena, eta herritarren eta profesionalen hainbeste ahaleginekin eraiki dena. Ezin dugu murrizketa gehiago onartu osasun-zerbitzu publikoetan. Horregatik guztiagatik, herritar guztiei dei egiten diegu datorren larunbatean, maiatzaren 31n, egingo den manifestazioan parte hartzera, bereziki, pediatriako larrialdien, urologiako kontsulten eta haur eta gazteen psikiatriako kontsulten itxierak kaltetutako familiei”.

Auzoko elkarteekin eta inguruko ikastetxeetako guraso-elkarteekin harremanetan jarri dira haien babesa eskatzeko, eta maiatzaren 31ko manifestazioan aktiboki parte hartzera animatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude