Irungo Udaleko Hezkuntza Arloak guraso interesdunei gogorarazi dienez, atzo, hilaren 13an, hasi zen 2023-2024 ikasturterako Haur Hezkuntzako eta Derrigorrezko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan aurrematrikulatzeko epea. Epea hilaren 24an bukatuko da. Batik bat, 2020an eta 2021ean jaiotako haurren, 2 eta 3 urteko gelakoen, gurasoentzat da oharra.
Izena emateko, hamabi ikastetxe ere aukeratu ahalko dira, aukerak lehentasun handienekotik txikienekora ordenatuta. Ikastetxe baterako eskabideen kopurua handiagoa bada hutsik dauden tokiena baino, legediak xedatzen duen baremoa aplikatuko da tokiak esleitzeko, eta, alde horretatik, noren etxea non dagoen izango da eskaera bakoitza puntuatzeko pisurik handieneko elementua.
Irizpide berak erabiliko dira aurrematrikulekin, ezarritako epearen lehen egunean aurkeztu edo azken egunean aurkeztu, eta dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Familia liburuaren fotokopia eta NAN edo ANT
– Ikaslearen errolda/bizikidetza agiria edo familia unitateko kide guztien erroldatze ziurtagiria –Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoko kutxazainetan eskuratu ahalko da erroldatze ziurtagiria, 08:00etatik 22:00etara bitartean, nortasun agiriak aurkeztuta, edo 010 telefonoan edo Irun Txartelaren bidez eskatu–
– Puntu gehiago lortzeko balio duten beste zirkunstantzia batzuk (minusbaliotasunak, lantokiaren helbidea, familia ugaria) egiaztatzeko dokumentuak.
– 2021eko errenta aitorpena, Gipuzkoatik KANPO egin bada SOILIK
– EAEtik kanpo eskolatutako ikasleek, egindako ikasketen ziurtagiria
Dokumentazio hori eskuetan, eskabidea lehen aukeratu duten ikastetxean bertan bete ahalko dute gurasoek, edo eskaera online egin. Ondoren, eskatzaileen zerrendak eta behin-behineko eta behin betiko zerrendak ikastetxeetan bertan argitaratuko dira, martxoaren 14an, martxoaren 28an eta apirilaren 20an hurrenez hurren.
Ikastetxe bateko 2 urtekoen gelan matrikulatuta dauden haurrei, ikastetxe berean jarraitzen badute, tokia bermatuko zaie, eta, beraz, ez dute aurrematrikula egin beharko. Era berean, datorren urtean DBHn hasten diren ikasleek ez dute eskaerarik egin beharko baldin eta eskola ibilbidean aldaketarik ez badago; aitzitik, beren eskola ibilbidekoa ez den ikastetxe batera joan nahi badute, eskaera egin beharko dute .
Eskabidean ikastetxe bat baino gehiago aukeratzen bada, lehen postuan aukeratutako zentroan egin beharko da eskaera, eta, gero, beharrezkoa bada, ikastetxe bakoitzeko puntuazio espezifikoetarako behar den dokumentazioa gainerako ikastetxeetan aurkeztuko da.
Informazio gehiago nahi dutenek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetara jo dezakete (San Martzial 2), edo 010 telefonora deitu. Gainera, Irungo Udalak informazioa bidaliko die familiei, hirian garrantzirik handiena duten datuak emateko, aurrematrikulazio prozesua berbera baita EAE osoan.
Bestalde, ikastetxeek antolatu dituzten bisiten berri ere eman da, behin betiko eskaera egin aurretik familiek joan eta xehetasun gehiago jakin nahi balute ere.
- BELASKOENEA HLHI: Hitzordua (943 627 595)
- DUNBOA HLHI (bisita pertsonalizatuak) (943 622 155)
- EGUZKITZA HLHI: Otsailaren 13an euskaraz eta 14an gazteleraz 17:30etatik aurrera (943 899 161).
- ELATZETA HLHI: Hitzordua (943 937 759)
- LEKA-ENEA HLHI (bisita pertsonalizatuak) (943 899 159)
- TOKI ALAI LHI: Otsailaren 16an 17etan Loidi Bizkarrondo kalean eta 17:45etan Alzukaitz kalean (943 899 124).
- TXINGUDI IKASTOLA HLHI: Otsailaren 13tik 16ra arte 16:30ean hitzorduarekin (943 894 000)
- ERAIN TXIKI HLHI (bisita pertsonalizatuak) (943 627 111)
- IRUNGO LA SALLE HLBHIP: Hitzorduarekin (943 628 411).
- EL PILAR HLBHIP (bisita pertsonalizatuak). Otsailaren 11an. (943 621700).
- SAN VICENTE DE PAUL HLBHIP: Hitzorduarekin (943 619 990)
Udal haur eskola
Udal haur eskolan, hasiera batean, martxoko bigarren hamabostaldian hasiko da aurrematrikulazio prozesua. Nolanahi ere, eguna gerturatu ahala jakinaraziko dira datak.