2016an, Irungo Udala Hiri eta Komunitate Lagunkoien Sarera batu zen. Ildo horretatik, asteazkenean, hilak 11, 10:00etan, Luis Mariano zentro sozialean, saio bat egingo da interesdun guztiekin eta, bereziki, adinekoekin eta elkarteekin. Saioaren helburua 2023an hiria haientzat lagunkoiagoa izateko plana prestatzeko egindako diagnostikoa hobetzea izango da, horretarako proposamenak biltduz. Saio horren xehetasunak azaldu dituzte Irungo alkate Cristina Labordak, Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkari Josu Iguíñizek eta Matia Institutu Gerontologikoko teknikariek udaletxean egindako prentsaurreko batean.
Irun Lagunkoia programaren barruan antolatu da ekimena. Hain zuzen ere, Irun Lagunkoia programaren helburua da adinekoen parte hartzearen bidez eta, oro har, herritar guztien partaidetzaren bidez komunitate eta auzoak inklusibo eta irisgarriagoak izan daitezen, eta, ildo horretatik, irundarrek hobekuntza proposamenak egin ditzakete.
Labordak gogorarazi duenez, saioaren xedea da adinekoak protagonista izan daitezen hiriaren hobekuntzan eta, horretarako, beren esperientzian, ikuskeran eta beharretan oinarritutako ekarpenak egin ditzaten. “Programa honek adinekoek hirian betetzen duten rol aktiboa azpimarratzen du. Gure ustez, aukera paregabea da parte har dezaten eta iritzia eman dezaten, horrela beren beharrei erantzun baitiezaiekegu, eta Irunen landu nahi dugun hiri ereduaren inguruan dituzten proposamenak bildu, inor atzean utzi gabe”, erantsi du alkateak.
Iguíñizek nabarmendu duenez, berriz, oso garrantzitsua da adinekoek honelako ekimenetan parte har dezaten, eta, horregatik, Luis Mariano zentro sozialera joatera eta diagnostikoa hobetzen laguntzera animatzen ditu. “Egoera hobeto ezagututa eta hiria lagunkoiagoa izateko plana hobetuta, ekimen berriak sustatu ahalko ditugu irundarren bizi kalitatea hobetzeko; bereziki, adineko irundarrena”, gaineratu du Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Hiri lagunkoiagoa
Udalerri bat lagunkoiagoa izateko prozesua hiria etengabe hobetzeko bost fasek osatzen dute: talde eragilearen sorrerak, diagnostikoaren prestakuntzak, ekintza planak, neurrien inplementazioak eta ebaluazioak. Alde horretatik, Irungo Udala 2016an batu zen ekimenera, eta hurrengo urtean egin zuen lehenengo diagnostikoa, eta, gaur egun, bigarren diagnostikoa kontrastatu eta eguneratzeko fasean murgilduta dago, analisi sakonago bat eginez.
Matia Institutu Gerontologikoak Irun Lagunkoia Plana egiteko laguntza teknikoaren kontratua bi urterako sinatu du, 2024ko amaieratik 2026ko erdialdera, eta aurrekontua 113.087,08 eurokoa da, BEZa barne.
Behin fase hori burututa, aurten bertan, ekintza plana prestatzekoa da, eta herritarrez osatutako talde eragile bat sortzekoa, proiektuan aktiboki parte hartuko duena.



