Joan den ekainaren 27an eta 28an, Logroñok autonomia-erkidegoen arteko Espainiako Txapelketa hartu zuen, kategoria absolutuan zein 18 urtez azpiko mailan. Super Amara BAT klubeko ordezkariak fin ibili ziren Euskadiko selekzioarekin. Bestalde, Madrilgo Vallehermoso estadioak Aire Zabaleko Espainiako Master Txapelketa hartu zuen asteburu berean, eta klubeko bost atletek lan itzela osatu zuten, bat baino gehiago karga handiko probetan lehiatuta.
Horien artean Iker Piñeira izan zen protagonista nagusia. Gazte irundarrak lehen postua eta urrezko domina eskuratu zituen Sub18 mailako 100 metroko lasterketan, 10,66 segundoko denbora ikusgarriarekin txapelketako errekor berria ezarriz. Horrez gain, Piñeirak bosgarren postua lortu zuen 4×100 metroko erreleboetan (44,68 segundo). Kategoria berean, Eñaut Arburuak seigarren postua sinatu zuen 400 metro hesiotan (54,18 segundo), Olatz Elizasuk zortzigarren amaitu zuen disko-jaurtiketan (34,19 metro) eta Jon Andianok ere zortzigarren postua lortu zuen 4×400 metroko errelebo mistoan (3:36.89). Sailkapen gaztea Iker Anaubek osatu zuen luzera jauzian hamargarren postuarekin (6,26 metro), eta kategoria absolutuan, Goizane Garcíak 13. postuan amaitu zuen mailu-jaurtiketa 43,06 metroko markarekin.
Beteranoak Madrilen
Susana Ruizek asteburu oparoa borobildu zuen Durangoko filialarekin, 4×400 metroko erreleboan bigarren postua eta zilarrezko domina lortuz (4:42.15) eta 4x100ekoan laugarren amaituz. Bakarkako probetan, bosgarren izan zen 800 metrotan (2:46.17), seigarren 400 metrotan (1:10.36) eta bederatzigarren 200 metrotan (30,88 segundo). Imanol Gilek ere zilarrezko domina zintzilikatu zuen Getxoko filialarekin 4×100 metroko erreleboan (44,28 segundo), eta merituzko zortzigarren postua lortu zuen 100 metroko finalean (13,03 segundo), Akileseko tendoian arazoak izan arren finalaurrekoan bigarren amaituta sailkatzea lortu ostean.
Isabel Hernándezek ere txapelketa aipagarria burutu zuen Madrilen, 100 metrotan zazpigarren postua lortuz (14,28 segundo) eta 200 metrotan hamabigarren amaituz 28,81 segundoko markarekin, bere marka pertsonal onena ezarriz. Distantzia luzeagoetan, Víctor Madejónek hiru probatan neurtu zituen indarrak: seigarren izan zen 1.500 metrotan (4:36.95), hamargarren 5.000 metrotan (17:32.17) eta hamaikagarren 800 metrotan (2:17.38). Azkenik, Jon Unzuetak 15. postuan amaitu zuen 1.500 metroko lasterketa gogorra, 4:23.27ko denborarekin, taldearen izaera borrokalaria berretsiz.
Hurrengo geltokia: Espainiako Txapelketa
Estatu mailako lehiaketek ez dute etenik eta hurrengo geltokia Castellón izango da, uztailaren 4tik 5era bitartean aire zabaleko Espainiako 18 urtez azpiko Txapelketa jokatuko baita bertan. Super Amara BATek ordezkaritza zabala eta indartsua izango du Mediterraneoko lurretan, gutxieneko marka lortu duten zortzi atleta joango baitira euren adineko estatuko onenekin lehiatzera, Logroñoko eta Madrilgo boladaonari jarraipena emateko asmoz.
Gipuzkoako espedizioa Jon Andianok eta Eñaut Arburuak (biak 400 metro hesiotan), Naia Piquerrek (1.500 metrotan), Iker Piñeirak (200 metrotan) eta Olatz Elizasuk (1 kg-ko disko-jaurtiketan) osatuko dute. Haiekin batera arituko dira Alain Oca 5 kg-ko mailu-jaurtiketan, eta Rafael Torralba zein Pablo Salinas, biak 5.000 metroko oinezko proba zorrotzean parte hartzeko sailkatuak jada.



