BDSKoop elkarteak “Kooperatuz” lehiaketaren sari banaketa antolatu du hirugarrenez. Lehiaketa duela 3 urte printzipio kooperatiboak modu aktiboan garatzen dituzten kooperatibak aitortzeko. Aurtengo edizioak bi irabazle izan ditu: Barnera begirako printzipio kooperatiboen atalean Tantai Baso Jabe Kooperatiba izan da irabazlea. Kanpora begirako printzipio kooperatiboen atalean aldiz, Aiaraldea Kooperatiba Elkartea saritu dute.
Lehen edizioan, Behe Bidasoako enpresak saritu zituzten, bigarrengoan Gipuzkoara eman zuten saltoa eratu berriak ziren enpresekin eta aurten, saria Euskadi osoko kooperatiba eta lan-sozietate guztiei ireki diete. Elkartetik azaldu dutenez, “honek ikuspegi globalagoa izateko eta proiektu errotu, integratzaile eta eraldatzaileak ezagutzeko aukera eman digu”. Ekonomia Sozialeko printzipioen aplikazioan proiektu oso ezberdin eta eredugarriak daude Euskadin.
2025eko irabazleak
Aurten, aurreikusitako moduan, bi irabazle izan ditu lehiaketak: bat barnera begirako printzipioetan, eta beste bat kanpora begirakoetan. Saria Euskadi osora zabaltzeak parte-hartze handia eragin du. Ondorioz, kalitate handiko proiektu ugari jaso dituzte, eta bi soilik aukeratzea zaila izan da. “Proiektu integratzaileak daude, lurralde osora zabaldutakoak, kolaborazio publiko-komunitarioan eraikitakoak eta sektore kritikoak sendotzeko eratu direnak”, azaldu dute antolakuntzatik.
Barnera begirako printzipio kooperatiboen atalean, sarrera librea eta borondatezkoa, kudeaketa demokratikoa, parte-hartze ekonomikoa, autonomia eta independentzia izan dira kontuan. Izaera demokratikoari saria irabazi du Tantai Baso Jabe Kooperatibak. Bere hezkuntza eta komunitate-proiektuetan ikuspegi transbertsala eta parte-hartzailea saritu nahi izan dira. Saria Enekoitz Etxarreta GEZKI-ko kideak eman die.
Kanpora begirako printzipio kooperatiboen artean, berriz, Hezkuntza, informazioa eta prestakuntza; komunitatearekiko interesa; kooperatiben arteko lankidetza begiratu dira. Komunitate eta kooperatibekiko lankidetza eta interesa saria Aiaraldea Kooperatiba Elkartearentzat izan da, komunikazio-proiektu herritarra, Aiaraldeko garapen sozial eta ekonomikoan errotua. Saria ematen du Beñat Irasuegi, Olatukoop-eko kideak.
BDSKoopetik bi proiektu irabazleak zoriondu dituzte, bait parte hartzaile guztiak. “Elkarrekin ari gara ekonomia bidezkoago, jasangarriago eta parte-hartzaileago bat eraikitzen”, azaldu dute bertatik.
Saria denei ematea ezinezkoa izan da, baina aipamen berezia egin dieteo behar sozial kritikoei erantzun saretu eta horizontala ematen dioten proiektu klabeak, Maitelan Kooperatiba (zaintza alorraren desprekarizaziorako eta kolaborazio publiko komunitarioan eratutako kooperatiba) edo EH Kom (Internet zerbitzuaren bir-demokratizaziorako tresna publiko-komunitarioa), ez eta Ekonomia Sozialaren printzipioen aplikazio txukunaren eredu diren Ta Puntu, Eme edota Labox komunikazioa kooperatiba moduko enpresak.
BDSKoop elkartearen ustez, Kooperatiba izatea ez da CIF huts bat; “kooperatibak baino, kooperatibistak behar ditugu”, azaldu dute elkartetik. Horregatik, saria ematen diote ekonomia sozialean, era kontzientean eta konprometituan sortutako enpresei, eraldaketa soziala helburu duten ekimenei.
Ekonomia Soziala helburu
Euskadin, 6.000 enpresa inguruk osatzen dute ekonomia soziala (kooperatibak, lan-sozietateak, mutualitateak…), eta sektore horrek 150.000 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu (enpleguaren %10 inguru). Hala ere, oraindik kapitalaren logikan oinarritutako enpresak dira nagusi: 10 aldiz SL eta SA gehiago daude (60.000 SL eta SA inguru) Euskadin, eta beste hainbeste autonomo (165.000 autonomo).
Ekonomia sozialak pertsonak eta lana era demokratikoan erdigunean jartzeko aukera ematen digu; era saretu eta indartsuan aritzekoa. Ekonomia Sozialak diruaren birbanaketan laguntzen du (ogasunaren moduko efektua du enpresen jabetza kolektiboak); herritar eta langileak erabaki ekonomikoen parte egiten ditu (pertsona bat, bozka bat), lurraldearekiko atxikipena sendotuz, lanarekiko konpromezu eta motibazioa indartuz eta hiritar aktibo eta parte hartzaileak sortuz; bizitzaren kontziliazioan laguntzen du eta bizitza bizigarriagoak eskaintzen ditu sektore kapitalistan baino. Era frogatuan dituen eragin onuragarriez gain, inplikatzen diren agente edo faktoreen arabera, trantsizio ekosozialerako, justizia sozialerako, zaintza sistemaren berregituraketarako edota lurraldearen birpentsaketarako tresna eraginkorra da. Barrura begira planteatzen dituen onurak kanpoan ere nabariak dira.
Ezinbesteko aliatua
BDSKoop-etik elkarte eta kooperatiben sorrera eta garapena bultzatzen jarraituko dugu, gurekin bat egiten duten erakunde eta pertsona guztiekin batera: Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomia Saila (zeina gabe ezinezkoa litzateke honako saria antolatzea), Olatukoop, Elkar-lan, EHU-GEZKI, MU-Lanki, REAS eta Ekonomia Soziala eraldaketarako tresna gisa erabiltzen duten Udalerri, sail eta Garapen Agentzia guztiak. Uste dugu krisi global kapitalistaren aurrean Ekonomia Soziala ezinbesteko aliatu dugula.



