BDSKoop Eraldaketa Fabrikak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako sailaren babesarekin, Kooperatuz sariketaren 3. edizioa antolatu du. Egitasmo honen bitartez BDSKoop elkarteak zazpi printzipio kooperatiboak saritzea bilatzen du, Bidasoaldean Ekonomia Soziala sustatuz. Iaz bezala, 1500 euroko bi sari banatuko dira.
Aurten, sariketa Euskal Autonomi Erkidegoko kooperatiba eta lan sozietate guztiei irekia izanen da. Aurreko urteetan ez bezala, aurten ez dute eratze urtea kontutan hartuko, eta ez dira probintzia bakarrera mugatuko. Beraz, hartzaile izateko aukera du EAEn helbidea duen ekonomia sozialeko enpresa orok. Aurten protagonismoa hartzen dute printzipio kooperatiboen aplikazioak, hauek aurrera eramateko bide eta aukera ezberdinak, zein denboran hauek mantentzeko gaitasunak.
Sariak
Iaz bezala, 1500 euroko bi sari banatuko dira. Lehenak, Izaera demokratikoari saria, barne-antolaketa hartuko du kontuan, parte-hartzea bermatzeko hartutako neurriak etab. sarituko ditu. Bigarrenak, Komunitate eta beste kooperatibekiko lankidetza eta interesa saria, bere ingurunean eragiteko gaitasuna, lankidetza sustatzeko neurriak eta komunitatearekiko interesa baloratuko ditu. Azken batean, BDSKoopen helburua printzipio hauek ezagutzera ematea da, praktikan gure lurraldean nola gauzatzen diren jakin, balioan jarri eta behar duen oihartzuna ematea.
Lehiaketan parte hartzeko baldintzak, beraz, kooperatiba edo sozietatea laboral izatea eta Euskal Autonomi Erkidegoan erregistratua egotea dira. Lehiaketan parte hartzeko, elkartearen webgunean eskegita dagoen galdetegia bete behar da. Antolakuntza parte den Dornaku Lanzek azaldu duenez, “aukera eman nahi dugu balio kooperatiboen inguruan hausnartzeko, baina baita parte hartzea sustatzeko”.
Galdetegia osatzeko aukera martxoaren 11tik apirilaren 11ra izango da zabalik. Behin epea bukatuta, jasotako erantzun guztiak epaimahai kualifikatu bati helaraziko zaizkio, eta honek hartuko du erabakia. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Mirene Arri, ELKAR-LAN, Beñat Irasuegi, KOOPFABRIKA eta Itziar Barinaga Rementeria, GEZKI. Irabazleek sari banaketa ekitaldira etorri beharko dute saria jaso ahal izateko eta bdskoop.eus webgunean jazoko dira emaitzak.
Sariaren inguruko informazio zabalagoa nahi izanez gero, BDSKoop Eraldaketa Fabrika elkartearekin harremanetan jartzeko aukera dago proiektuak@bdskoop.eus helbide elektronikora idatziz edo 843 740 198 telefono zenbakira deituz.
Zazpi printzipio kooperatiboak
Zazpi printzipio kooperatiboak Kooperatiben Aliantza Internazionalak adostu eta ezarri zituen 1895ean, eta Euskadiko Kooperatiben Legeak berak barnebiltzen dituen printzipioak dira. Printzipio hauek gizarte ekonomiako erakundeen jardueraren oinarri dira. Honakoak dira zazpi printzipio kooperatiboak: kideen kudeaketa demokratikoa, kidetza irekia eta borondatezkoa, kideen parte hartze ekonomiko beharrezkoa, autonomia eta independentzia, kooperatiben arteko lankidetza, komunitatearekin konpromisoa, hezkuntza, formakuntza eta informazioa bermatzea.



