Miguel de Ambulodi kaleko 20. zenbakian dago Gizagune zentroa. Adineko pertsonen autonomia eta bizi-kalitatea sustatu eta mantentzera bideratutako zentroa da. María Jesús Vicentek eta Maitane Eceizak osatutako lantaldeak, hurbiltasunetik, ikusi daitezkeen emaitzak lortzen dituen zerbitzua eskaintzen du. Maitane Eceizak adierazi bezala, bizi kalitatea hobetzea helburu hartuta, zerbitzu modalitate ezberdinak eskaintzen dituzte.
Zein da Gizagune zentroaren helburua?
Gizagune estimulazio kognitiborako zentro bat da. Bereziki, adineko pertsonentzako pentsatua dago, baina arazo kognitiboak dituzten beste pertsona batzuk ere hartzen ditugu. Hau da, memoria entrenatu edo etxetik atera nahi duten pertsonei beren burua aktibo mantentzen lagundu nahi diegu. Goizero taldekako saioak egiten ditugu, 5 eta 10 pertsona arteko taldeak osatuz. Bertan, memoria, arreta, gnosiak eta praxiak lantzen ditugu garuneko zonalde ezberdinak lantzeko. Horrela, modu global batean autonomia ahalik eta gehien mantentzen saiatzen gara. Honi esker, pertsonak ahalik eta denbora gehien beren etxeetan egotea lortzen dugu.
Gizartean horrelako zentro bat sortzeko beharra atzeman zenuten?
Onartu behar dugu zahartzea asko aldatu dela azkeneko urteetan eta are gehiago aldatuko dela datozen urteetan. Aitzitik, ia ez dago haiei bideratutako baliabiderik. Motelago doan edo gainontzekoen gaitasun berberak mantentzen ez dituen pertsona bat ikusten dugunean, gizarteak horiek baztertzeko joera du. Gainera, hiriak ez dira batere lagunkoiak pertsona horientzako, ez baitira batere irisgarriak. Ondorioz, pertsona hauek isolatuak geratu daitezke eta orduan euren arazoak handitzen dira. Gure proiektua taldean egiten den jarduera denez, sozializazioa bermatzen da eta gainera, asko adiskidetu egiten dira.
Denbora gehiagoz bizitzeaz gainera, ondo bizitzea ere garrantzitsua da, ezta?
Gaur egun gero eta gehiago bizitzea bermatzen dugu, baina bizi kalitatea bukaeraraino mantentzea ez da hainbeste zaintzen. Guztion nahia da ahalik eta denbora gehienean etxean mantentzea, etxean egotea, egoitza batera joan beharrik gabe. Hori lortzeko, lan fisiko, kognitibo eta psikologiko bat egin behar da. Gurea bezalako zentroek gaitasun horiek entrenatzeko aukera ematen dute, gizartean adineko pertsonak integratzeko laguntza eskainiz.
“Gure helburua da zahartze guztiak zahartze arrakastatsu bihurtzea”
Zeintzuk dira bertan eskaintzen dituzuen zerbitzuak?
Gaur egun lana bi taldetan banatzen dugu, nahiz eta zeregina berdina izan. Goizeko 10:00etatik 13:00ak arte hainbat jarduera egiten ditugu, batzuk gehiago zentratuak arreta eta memoriaren lanketan eta besteak motrizitatea eta koordinazioa lantzeko. Bestetik, arratsaldez, bakarkako saioak egiten ditugu, taldean lan egin nahi ez duten horientzat. Badira lanketa bakarka egitea nahiago dutenak, garun arazoak izanda, onarpen prozesu bat dakarrelako eta, hasieran batez ere, bakarka egin ohi da hori. Bakarkako saioek arreta pertsonalizatuagoa emateko aukera eskaintzen digute.
Beraz, zahartzeak ez du zertan negatibo izan, ezta?
Ez, noski. Hiru zahartze mota daude. Batetik, zahartze arrunta, hau da, prozesu natural bat jarraitzen duena. Bestetik, zahartze patologikoa dugu, non arazo fisikoak eta kognitiboak agertzen diren. Azkenik, zahartze arrakastatsua bezala ezagutzen dena dago, non hobekuntzak bilatzen diren, zahartzaroan ere gauzak ikasi daitezkeelako. Gure helburua da zahartze guztiak zahartze arrakastatsu bihurtzea. Hala ere, prozesu oso luzea da. Badira ekidin daitezkeen gauza asko, baina beste asko ez, ordea. Beraz, zahartzeak izan ditzakeen konplikazioak murrizten eta moteltzen saiatzen gara.
Zuen proiektuan auzoari garrantzi handia ematen diozue. Zergatik?
Proiektua hasi zenean, orain dela urte asko, ikusi genuen auzo honek adineko populazio handia duela. Dena den, egia da Irungo auzo askotan egoera antzekoa dela. Orduan konturatu ginen pixkanaka auzokideak elkartzeko espazioak, kafetegiek eta dendak, galtzen joan direla. Ondorioz, auzoetan bizi diren pertsonak isolatuak geratu dira, mugikortasun murriztua dutenek ezin baitira erdigunera mugitu gauzak egiteko. Isolamenduak gaitasun galera dakar, besteekiko harremana galtzen duzulako. Horregatik, proiektua auzo batean garatzea erabaki genuen, nahiz eta Lapitze oso auzo txikia ez izan. Irisgarritasunaren aldetik erraztasunak emateko aukera dugu, jendea auzoko espazio ezberdinetatik iritsi daitekeelako guregana. Are gehiago, badira beste auzoetatik ere badatozen erabiltzaileak. Beraz, Gizagune lehen auzoetan sortzen zen hurbiltasuna eta konexioa sortzeko sortu zen.
Auzotarren arteko harremanak zaintzeaz gainera, zurekin ere harreman estua sortuko da.
Bai, hala da. Oraindik toki askotan eredu instituzionalizatua dugu. Hemen berriz, pertsonen arteko harremana hurbilagoa da. Denbora asko pasatzen dute gurekin eta batzuk aspaldidanik ezagutzen ditugu. Behin ezagutzen gaituztenean, beti topatzen dute hona hurbiltzeko aitzakiaren bat eta beti badute zer kontatu. Askotan gure egoitzaren kanpoaldean apainketa jarri izan dugu eta horri esker jende asko animatzen da barrura sartu eta bertan zer egiten dugun galdetzera.
“Gure artean adin, pentsamendu eta ikasketa aldetik desberdintasun handia dagoenez, lantalde askotarikoagoa eta osatuagoa izatea eragiten du”
Eta langileei dagokienez, zeintzuk osatzen duzue lantaldea?
Gaur egun bi emakumek osatzen dugu Gizaguneko lantaldea: Maria Jesusek eta nik neuk. Biek oso profil ezberdinak ditugun arren, oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Gure artean adin, pentsamendu eta ikasketa aldetik desberdintasun handia dagoenez, lantalde askotarikoagoa eta osatuagoa izatea eragiten du.
Etorkizunera begira, baduzue martxan jarri nahiko zenuketen proiektu berririk?
Gaur egun, gure helburua da indibidualizazio hori lantzen saiatzea. Horretaz gain, gure formakuntza ez da inoiz geratzen, beraz, ikasten eta prestatzen jarraitu behar dugu. Gainera, zentrotik kanpoko pertsonekin tailerrak egitea gustatuko litzaiguke, jendeak ezagut dezan zergatik den garrantzitsua estimulazio kognitiboa lantzea. Izan ere, nahiz eta zentrora ez etorri, gure kabuz gauza asko egin ditzakegulako. Ezjakintasunak gauza asko galtzera eramaten gaitu.
Nola jarri daiteke jendea zuekin harremanetan?
Gure zentrora hurbildu daitezke aurretik hitzordu bat hartuta, gu eta gure zentroa ezagutzeko. Gure webgunean gurekin harremanetan jartzeko informazio guztia topatuko duzue.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.