Astelehenean irekiko da Udal Euskaltegiko euskara ikastaroetan matrikulatzeko epea

Datorren astelehenean, irailaren 1ean, irekiko da 2025-26 ikasturterako Udal Euskaltegiko matrikulazio epea. Izen ematea irailaren 12ra arte egin ahalko da. Hiru hilabeteko ikastaro trinkoan edo ikasturte osoko ikastaroan izena emateko aukera egongo da.Geroago, bigarren eta hirugarren hiruhilekorako, ikastaro trinkoen eskaintza berri bat egingo da.

Ikasturte berriari begira, interesatuek bi ikastaro motetan eman ahal izango dute izena: lehenengo hiruhilekoan hiru hilabeteko ikastaro trinkoan, urriaren 1etik abenduaren 19ra, 4 orduko klaseekin egunero, 9:00etatik 13:15etara, eta ikasturte osoko ikastaroan, urriaren 1etik ekainaren 19ra, astean 5 edo 6 orduko klaseekin, ordutegi aukera zabalarekin.

Berrikuntzak ikasleak onartzeko prozeduran

Aurten, Udal Euskaltegian ikasleak onartzeko prozeduran berrikuntzak izango dira. Udal Euskaltegiak eskaintzen dituen ikastaroetan onartuak izan nahi dutenek eskaria telematikoki aurkeztu beharko dute Irungo Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez edo hirian zehar kokatuta dauden autozerbitzu terminalak erabiliz. Horretarako, sinadura elektronikorako sistemaren bat (Irun Txartela-BAKQ…) erabili beharko dute.

LANNAHI

LANNAHI egitasmoaren onuradunek 20 euro ordainduko dituzte ikastaro trinko bakoitzeko. Eskaria egiteaz gain, mailaketa proba egin behar da, Udal Euskaltegian ari direnen edo aurreko ikastaroan aritu direnen kasuan izan ezik. Izen-ematea egin ondoren, mailaketa proba egiteko 943 505 273 telefonora deitu behar da hitzordua eskatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude