BDSKOOPek eta Irungo AEKk elkarlanean garatutako proiektu berri baten berri eman dute gaur goizean: “Doakotasunerantz, herritarron beka”. Proiektuaren helburua da euskara ikasten hasi nahi dutenentzako beka sistema berri bat eskaintzea. Horrela, ikasleek dirua aurreratu behar izatea ekidin nahi dute, hori lortzeko gainontzeko herritarren inplikazioa bilatuz.
Irungo AEKko Beñat Alzagak adierazi duenez, Irunen jende askok euskara ikasi nahi du, baina, tamalez, hainbatek ez du behar beste baliabide. “Gure ustez, euskara ikastea eskubidea da, eta inor ezin da euskaltegitik kanpora gelditu, traba ekonomikoak direla eta”, adierazi du AEKko ordezkariak. Herritarron bekak gainera, HABEk zein Irungo Udalak euskara ikasteko ematen dituzten diru laguntzetatik kanpo geratze diren paperik gabeko pertsonen ikasketa prozesua laguntzeko aukera emango du.
Guztiontzako lekua
Gaur aurkeztutako proiektu berri honek bi protagonista nagusi izango ditu. Batetik, Euskara ikasten hasi nahi duena. Beka honi esker, pertsona horrek ez du dirurik aurreratu beharko Irungo AEK Euskaltegira gerturatuz gero. Euskara ikastea, eskubidea izateaz gain, bertako hizkuntza den aldetik, doakoa izan behar duela ulertuta, Legia kaleko 6. zenbakiko Euskaltegi honetan ez dute inor kanpoan utzi nahi.
Bestalde, herritarrak ere proiektuaren parte garrantzitsua izango dira. Sare osatuz, egitasmoa babesteko aukera izango baitute. Horrela, parte-hartzaileak diru kopuru txiki bat jartzeko konpromisoa hartuko du. Diru kopurua nahi edo ahal adinakoa izan ahalko da, 10€, 20€ edo 50€, gehiago edo gutxiago ere. Horretaz gain, beren inguruan herritarron bekaren berri eman eta sare zabalagoa sortzeko aukera izango dute ere. Beñat Alzagak aipatu duenez, “gainera, litekeena da dirurik jarri behar ez izatea, azkenean, adierazitako kopurua baino txikiagoa jartzea, zenbat eta jende gehiago, sarekide gehiago, orduan eta proiektu sendoagoa eta kostua txikiagoa izango baita pertsonako”.
Herritarrengandik herritarrentzat
Claudia Romero, BDS Koopeko kidearen hitzetan, “Orain dela hilabete batzuk AEKra gerturatu ginen gure laguntza eskaintzeko dirurik aurreratu ezin duten horiek euskara ikasteko aukera izan dezaten”. BDS KOOPen 5.000 euroko funts bat sortu dute eta, hortik, ikasturte hasieran matrikulak ordaindu ahal izateko dirua aurreratuko da. “Herri mailako proiektu bat izatea garrantzitsua iruditzen ditzagun, herritarren ekarpenen bidez proiektua sustengatu ahal izateko. Beraz, ikasturte amaieran ikusiko da zein den jarri beharreko diru kopurua, beka eskatu duten ikasle kopuruaren arabera, Cluadia Romerok aipatu duenez, “funts honen etorkizuna bermatzeko”.
Beka hau mailegu-sistema soil bat baino gehiago da: denok euskaraz eroso bizi ahal izateko aukera izateko urrats xume eta zintzo bat. AEKko ordezkariaren hitzetan,”guk sinesten dugu badagoela herri bat euskaldundu nahi duena”. Beraz, sinetsita daude herritarrak helburu partekatu horren alde lan egiteko prest daudela, hau da, herria euskaldundu dadin.
Horrela, ikasle zein babesleei, Irungo AEK euskaltegira gerturatzeko edo euskaltegiaren harremanetan jartzeko eskatu diete. Era berean, BDS KOOPen eta Irungo AEKren sare sozialetan galdetegi bat sortuko dute, interesdunen datuak azkar baten jaso ahal izateko. Dirurik jarri ezin dutenek ere, proiektua babestu ahalko dute, horri zabalpena emanez. “Proiektura batzeko ez duzu zertan irundarra izan behar, esan bezala, denok kabida dugun proiektua da”, erantsi du Beñat Alzagak.



