CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentro berria inauguratu dute gaur

Gaur goizean, Irungo Udalak CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroa inauguratu du, ekitaldi instituzional baten bidez. Datozen hiru egunetan, berriz, programazio oparo bati esker, azpiegitura berrian landu daitezkeen diziplina artistikoak ezagutu ahalko dituzte herritarrek, bertan jorratuko diren ekimen kultural eta sortzaileak.

Zuzeneko musika, zinema, industria sortzailea, bitartekaritza, arte eszenikoak eta arte-erakusketak izango dira hiru eguneko jardueren protagonistak. Irungo Udalak, Kultura arloaren bitartez, gune berri honen ardatz eta adierazpen artistikoak izango direnak erakutsi nahi dizkie herritarrei.

Inaugurazio kitaldia IrekiART izeneko gune irekian izan da, eta hiriko alkate Cristina Labordak eta Kulturako diputatu Goizane Álvarezek hartu dute hitza.

Cristina Laborda alkateak azpimarratu duenez, “gune berri honi esker, Irunek beste pauso bat eman du kultur munduan erreferentziazko hiria bilakatzeko helburua lortzeko bidean. Argi eta garbi dugu: Irungo espazioak elkarrekin harremanetan egon daitezen ez ezik gelditzera eta haietaz gozatzera gonbida gaitzaten nahi dugu”. Labordak gogorarazi du inaugurazioak CBA liburutegiaren hamargarren urteurrenarekin kointziditu duela, eta zera erantsi du: “modu honetan, iragana eta etorkizuna lotzen ditugu gure hiriaren bihotzean. Garenaren erakusgarririk hoberena, hain zuzen, estilo berriak, adierazpen berriak eta hizkuntza berriak integratzeko irekitzen diren adarrei zentzua ematen dieten sustrai sakonekin. Izan ere, ez dago kultura baino gehiago batzen duen hizkuntzarik”.

Goizane Álvarez Kulturako diputatuaren esanetan, berriz, “Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua oso harro dago CBA handitzen lagundu izanaz, zentro berriak sortzeko, ikasteko eta kulturaz gozatzeko aukera gehiago emango baitizkie herritarrei. Gune berriak areto moderno eta moldakorrak ditu, eta, gainera, bertako talentuaren balioa nabarmentzen du, eta lurraldeko kultur ehuna sendotzen. Sinetsita gaude kultura pertsona guztiek erabili ahal izan beharko luketen eskubide bat dela, eta elkarrekin lan egiten dugunean gizarte sortzaile, anitz eta inklusiboagoa eraiki dezakegun adierazgarri dira honelako zentroak. Horregatik, zorionak Irungo Udalari eta Udaleko lantalde osoari, kulturaren eta sormenaren etxe berri bat gorpuzteagatik”.

Horrela, inaugurazio-programazioa izango da adibide garbia egun horietan kultur zentroa zuzenean ezagutzera hurbiltzen direnek ezagutu dezaten CBAren handitze horrek herritarrei eskaintzeko duen potentziala.

Kultura eta sorkuntzarako espazioa

Zentro berriak bikoiztu egiten du egungo espazioa eta 2.400 m2 gehiago dituela, eta hori, erabilera desberdinetarako aretoak dituen zentro balioaniztun batean islatzen da, adibidez IrekiART, hitzaldi, ikus-entzunezko eta erakusketetarako plaza moduko gune bat, formatu desberdinetako erakusketak hartzeko gai dena; Irun Zuzenean, konfigurazio desberdinak ahalbidetuko dituen areto eszeniko bat biltegi, kamerino, komun eta beste zerbitzu batzuekin; Gazteria arloko zenbait zerbitzutarako espazio berri bat, Kontenporanea, sorkuntza artistikorako gune berri bat; eta CBA liburutegiaren egungo ikasketa-gela handituta.

3 jardunaldiko inaugurazioa

Osteguna 11, sorkuntza artistikoa eta musika

Inaugurazioaren ostean, jardunaldi honetako ekitaldiak arratsaldean iritsiko dira, Jon Bismo artista bisual irundarraren bakarkako erakusketaren eskutik. Artista horren lana eskultura digitalaren eta 3D artearen esparruan mugitzen da. Ideia Berritzailearen Irun Sariaren irabazleak, teknika bisual  berritzaileak eta estetika kolorista eta esperimentala uztartzen ditu. Bere ibilbidea Pull & Bear bezalako markentzako lanengatik nabarmentzen da eta freelance artista bezala nazioarteko estudioetan kolaboratzen du. Jon Bismok artea, teknologia eta komunikazioa hibridatzen duten sortzaileen belaunaldi berri bat ordezkatzen du, gero eta zabalagoak diren erakusketa-gune eta gune digitaletara Irun izena  eramanez.

Osteguneko inaugurazio egun horretan bertan, ‘Irun Zuzenean’ areto berria estreinatuko da Janus Lester musikari beratarrarekin egingo den topaketa batekin, 20:00etan, Geltoki izeneko programazio-lerro berriaren bitartez. Topaketa informalak eta kulturaren munduko pertsona garrantzitsuekin topaketa inspiratzaileak izango dira.

Programa hau pertsonen, inspirazioaren eta sareen kontzeptuen ingurukoa da, eta publiko orokorrari nahiz musikaren, arte eszenikoen eta beste diziplina artistiko batzuen sektore profesionalei irekitako proposamenak ditu. Aukera paregabea euskarazko musikaren alorrean une honetako izen ospetsu bat hobeto ezagutzeko. Aretoak soinuzko ekitaldietarako azken teknologia du, era guztietako proposamenetara egokitzeko aukera ematen duen espazio moldakor batean, harmaila atzeragarriari esker. 360 lagunentzako lekua du zutik eta 157 lagunentzako lekua du agertoki klasikoko formatuan.

Ostirala 12, dantza eta podcasta

Ostiral goiza hiriko kultur eragileentzat, elkarteentzat eta kolektiboentzat egingo diren bisita gidatuei eskainiko zaie, modu hurbilagoan eta argibide zehatzagoen bitartez ezagutu ditzaten CBA zentro berriak bere espazioetan hartuko dituen aretoak eta proposamenak zein izango diren. Honi familientzako tailer bat jarraituko dio Taupa!-ren eskutik, musika oinarri izango duena, hain zuzen.

Arratsaldean, Dantza Hirian izango da. Data horietan ohikoa bihurtu den hitzordua eta irekiera-programazioan sartu nahi dena, CBAk proiektatu nahi dituen balioekin duen loturagatik. Dantza Hirian programazioak honako konpainia hauek izango ditu edizio honetan: “Nerea azalean arrotz”, Neri (h) Ari-rekin, “Unarys”, Eszer eta Myriam Pérez Cazabon-ekin; “Honest” Kiko Lópezekin; eta 19:00etan hasiko da San Juan plazan. Irunen bizi den dantzari honek sorkuntza, irakaskuntza eta kolaborazioa uztartu ditu Kukai Dantza, Ai Do Project edo Hika Teatroa bezalako konpainiekin. Bere ibilbide biziak euskal kulturaren eta artearen arloan Irun erreferente gisa sendotzen laguntzen du.

Egun horretan bertan, eta proposamenen aniztasuna indartuz, CBAn “El sentido de la Birra” podcasta zuzenean grabatuko da 20:30etan, une honetan gehien entzuten den audio-programetako bat. Bideo-podcast formatuan grabatuta, Ricardo Moyak gidatzen du programa hori eta pasarte bakoitzean solasaldi lasai bat proposatzen du, gidoirik eta denbora-mugarik gabe, giro zintzoa eta hurbila sortuz. 600 audio baino gehiago argitaratuta, elkarrizketarako erreferentziazko podcastetako bat bihurtu da, eta ‘gonbidatu sorpresa’ bat izango du Irunen, emisio berean ezagutzera emango den gonbidatua, hain zuzen.

Larunbata 13, arte eszenikoak, zinema eta gehiago

IrekiART aretoan Patxi Pérez aktore irundarrak zuzendutako familia-jarduera bat izango da goiz horretan. Aktore ezaguna, Legaleón eta TOK taldeetan aritu zen eta zineman, telebistan eta antzerkian egin duen ibilbideagatik ezagutzen da, eta hainbat sari jaso ditu bere interpretazio-ibilbidean, eta Itziar Sistiaga, idazlea eta Sorkuntza eta Emozioen Idazketako irakaslea ere bai.

Programazio artistikoa Silvia Sanchezen murgiltze-erakusketarekin osatuko da, ‘Evolución desde la imperfección: arte, realidad virtual y neurociencia’ izenarekin. Bertan, aurten emandako Ribera beken emaitzak erakutsiko dira, alegia, Arkaitz Saiz eta Rakel Meyersek osatutako tandemak lortu du beka “Relatos del nuevo hogar” proiektuarekin. Azkeneko honek, bereziki, bere tailer propioa izango du jarraian.

Bestalde, Artoteka ekimena aurkeztuko da, tresna horren bitartez interesa duen edonork maileguan har dezakeelarik arte garaikideko obra bat.

Azkenik, Diego San Jose gidoilari irundarrak ere hartuko du parte, Mikel Pagadi komikoarekin bat eginez, ikusleekin partekatzeko hamar bideotan grazia egiten dien guztia. Esketx ezezagunak, pieza ernagarriak eta gertaera zentzugabeak bi kideen arteko elkarrizketa batean.

Inaugurazio programazioa musika klabean amaituko da kontzertu batekin eta ondorengo DJ set batekin, gazteengan pentsatuta eta hurrengo asteetan ezagutzera emango dena.

Irekierako programazioa

Irailak 11, osteguna

  • 12:00: Inaugurazio instituzionala.
  • 19:00: Inaugurazioa. Erakusketa: Jon Benet ‘Jonbismo’ – ‘Reencuentro’.
  • 20:00: Geltoki – Janus Lester.

Irailak 12, ostirala

  • 12:00 – 14:00: Bisita gidatuak Irungo elkarte eta kolektiboentzat.
  • 19:00 Dantza Hirian -San Juan plaza.
  • 20:30 Pódcast: ‘El sentido de la birra’, gonbidatu sorpresarekin.

Irailak 13, larunbata

  • 11:00 Antzerki tailerra familientzat. Patxi Pérez eta Itziar Sistiaga.
  • 12:00: Familientzako musika. Taupa!
  • 13:00: Show cooking Yon Gallardo-rekin,eta KEOAren aurkezpena.
  • Murgiltze-erakusketa: Silvia Sánchez ‘Evolución desde la imperfección: arte, realidad virtual y neurociencia’.
  • Ribera bekak. Emaitzak – ‘Relatos del nuevo hogar’, Arkameyers (Arkaitz Saiz eta Rakel Meyers) bikotearena.
  • Aurkezpena: Artoteka.
  • 17:00 – 20:00: ‘Relatos del nuevo hogar’ tailerra.
  • 19:00: IrekiART: Diego San José eta Mikel Pagadi.
  • 22:00: Irun Zuzenean – Kontzertua eta DJ set-a: Irune Muguruza e Iñigo Jiménez (2 euro).

** Aipatzekoa da larunbateko tailerrentzako plazak agortu direla.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude