Irulegiko Eskuak Atlantikoa zeharkatu du Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Asun Egurzaren bultzadarekin

Irailaren 1ean Renoko Unibertsitateko (Nevada, Estatu Batuak) Center for Basque Studies Press zigilu editorialak “The hand of Irulegi” (Irulegiko Eskua) ipuina argitaratu zuen. Elebidunez dago, euskeraz eta ingelesez, eta salgai dago jada.

Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Asun Egurza idazleen jatorrizko liburua 2022an argitaratu zen, Denonartean argitaletxearen eskutik, euskaraz zein gaztelaniaz.

USAC Donostia-San Sebastiánekin (University Studies Abroad Consortium) duten lankidetzari esker, Natalia Errazkin eta Miriam Díazen begiradapean, aipatutako programako sei ikaslek itzuli zuten testua: Maximo Bardner, Kristina Franzoia, Xabier Irujo, Giselle Rodríguez, William Sangster eta Ashleigh Welch.

Mugarik gabeko istorioak

“The hand of Irulegi” Longleafen bidez banatuko da, eta horrek esan nahi du Amazonen, Barnes & Noblen, liburu-denda independenteetan, online liburu-dendetan eta abarretan eros daitekeela. Gainera, liburua inprimatu egingo da eskariaren arabera, eta unibertsitateak berak hedatuko du, eskoletan, liburutegietan eta bere webgunean.

Ez da Atxukarro, Zubialde eta Egurzaren lanak Atlantikoa zeharkatzen duen lehen aldia, 2018an unibertsitate horrek berak “Stories of Basque Mythology for children” kaleratu baitzuen.

“The hand of Irulegi”, edo “Irulegiko eskua” -k, Olbap zortzi urteko mutikoaren esperientzia kontatzen du; fikziozko istorio bat da, baina benetako testuinguru batean kokatua, K.a. I. mendeko Irulegi (Aranguren Ibarra) herrixkako aztarnategian brontzezko esku bat 2021ean aurkitutakoarena, hain zuzen. Bertan, euskara baino lehen zegoen antzeko hizkuntza batean idatzitako lehen testua agertu zen, eta “Zorioneku” hitza nabarmentzen zen.

Euskal-nafar mitologia ipuinetan
Hamar urte dira hiru egile hauek Denonartean argitaletxearekin “Euskal Mitologia. Haurrentzako ipuinak” kaleratu zuten. Ondoren, bigarren liburua eta bost tituluek osaturiko bilduma iritsi zen, euskal mitologiako pertsonaietan oinarritua: “Olentzero eta Mari Domingi”, “Tartalo”, “Basajaun”, “Mari” eta “Amalurra”.

Argitaletxe beraren eskutik haurrentzako beste ipuin batzuk ere kaleratu zituzten, hala nola “Lekim historiaurreko haurra”, “Sumendi bat baratzean” eta aipatutako “Irulegiko eskua”.

Bakarnek eta Izaskunek, gainera, “Sarerik gabe” argitaratu zuten, Euskadi Sarietako finalista izatera iritsi zen gazteentzako eleberria. Halaber, Erein argitaletxearekin “Rotia eta Rensu” haurrentzako bilduma argitaratu zuten, eta Txalapartarekin “Euskal Mitologia haurreei kontatua”, eta “Herri Inauteriak. Haurrentzako ipuinak“.

Egileek bakarkako beste argitalpen batzuk ere badituzte. Titulu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jarri dira salgai eta ingelesera itzuli dira. Batzuk frantsesera ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude