Bildumagileek larunbatean beren paradisua Irunen aurkituko dute

Irungo Udalak, Josema Martínez bildumazale eta Centro Musical Irunés zenaren jabearekin elkarlanean, Bildumazaletasunaren XVI. Azoka antolatu du, pieza ezezagunez gozatzeko prest daudenak bildumazaletasunera erakartzeko. Larunbat honetan izango da, hilak 12, Zabaltza plazan.

10:00etatik 21:00etara bitartean gutxi gorabehera, bertaratzen direnek historiaz betetako askotariko objektu berdingabe eta esklusiboak deskubritu ahalko dituzte, zuzen-zuzenean: postalak, liburu eta aldizkariak, diskoak, filmak, zigiluak, kamera analogikoak…

Hiri Bultzadako ordezkari Miguel Ángel Páezek adierazi duenez, “Irunen ez dugu aspertzeko denborarik ez tokirik. Astero, hiriko kultur eskaintza eta aisialdikoa berritu, eta proposamen erakargarriak egiten ditugu; oraingoan, Bildumazaletasunaren Azoka. Asteburu honetan, berriro egingo dugu, estilo, garai eta jatorri desberdinetako milaka objektu bilduta, handi eta txikien harrigarri”.

Jazz erritmoan

Bildumazaletasunaren Azokaren barruan, aurten, berriro ere, musika emanaldiak izango dira –aurreko edizioetan, pandemiaren ondoriozko murrizketak zirela-eta, bertan behera utzi behar izan ziren–: Olana Liss artista extremadurarrak jazz kontzertu bat emango du, bertsioak eta bere abesti propioak konbinatuta, 19:00etatik aurrera, Zabaltza plazan bertan.

Beste urte batez, Bildumazaletasunaren Azoka esperientzia paregabea izango da, bildumazaleek mundu osoko altxorrak deskubritzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude