‘Emakume artistak: irudikatu, sortu eta ospatu’ jardunaldia egingo da urriaren 23an

Emakume artistak: irudikatu, sortu eta ospatu’ izenburuko jardunaldia egingo da Irungo Emakumeen Etxean urriaren 23an. Jardunaldia Berdintasun Zerbitzuak antolatu du, ‘Kultur Femme’ zigiluarekin lankidetzan.  Maite Cortina Irungo Udaleko Berdintasunerako eta LGTBIQ+ Eskubideetarako ordezkariarekin batera, Gemma Gonzalez eta Aroa Pereda ere izan dira prentsaurrekoan, Kultur Femmeko ordezkari gisa.

Proposamen hau beren diziplinetatik mundua sortu, partekatu eta eraldatzen duten emakume artista guztiei eskainia dago, eta kultura sektorean, bereziki Bidasoa eskualdean, emakumeen talentuari balioa emateko pentsatutako jarduera programa bat eskaintzen du.

Kultur sektoreko emakumeen talentua (bereziki, Bidaso aldekoena) ezagutarazteko jarduera programa bat izango du oinarri, mundua beren diziplinetatik sortu, partekatu eta eraldatzen duten emakumezko artista guztiei eskainia.

Udaleko Berdintasun Zerbitzuak sustatu du proiektua, ‘Kultur Femme’ programarekin (Kultur Ideia Elkartearekin) elkarlanean, eta diziplina desberdinetako artistak (musikariak, literatoak, dantzariak, arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen munduko artistak) biltzeko, prozesuak partekatzeko eta saretzeko espazio seguru eta kolaboratiboak sortzea du helburu: mahai inguruak, tailerrak, emanaldiak, topaketa informalak. Proposamenak inklusioaren, aniztasunaren eta kultur sektoreko genero arrakalaren kontrako borrokaren alde egiten du.

Ordezkariak adierazi duenez, “‘Kultur Femme’ programaren laguntzarekin osatu dugu programazioa, bertako eta eskualdeko emakumezko artista eta kulturgileekin elkarlanean aritzen baita. Berdintasunaren aldeko etengabeko lanaren isla da jardunaldia, eta, bereziki, euskal kultur sektorean diharduten emakumeen sorkuntza eta errepresentazioa sustatzeko apustua. Musikariak, dantzariak, argazkilariak: gizartean beren bidea urratzen joan diren eta egun beren diziplinetan erreferentziazkoak diren emakumeen lana ezagutu, babestu eta sustatzeko aukera izango dugu”.

Diziplina eta gustu guztietarako

Diziplina eta adin guztietako emakumeak gogoan prestatu da programazioa.Urriaren 23an, goizez, 10:00etan, dantza integral kontziente tailer bat izango da, Garoa Gartziandiren eskutik; 11:30ean, jabetza intelektualaren funtsei buruzko solasaldi bat, Ainara LeGardonen eskutik; eta, 12:45ean, zuzeneko podcast baten grabazioa, Olga Grande kazetariaren eskutik. Jardunaldiak egun osoa iraungo duenez, 13:30ean, mokadutxo bat eskainiko da, Cristina Lajas dietistak nutrizio jasangarriari buruzko emango duen saio batekin batera. Arratsaldean, berriz, tailerrak izango dira: 16:00etan, ‘Emozioetarako sormena’, Sara Galánen eskutik; 16:30ean, argazkilaritza, Marina Aguinagalderen eskutik; eta, 16:30ean ere bai, artisau bitxigintza, Idoia Lizeagaren eskutik.

Arratsalde erdian, 18:15ean, lurraldean erreferentziazkoak diren hiru emakume elkartuko dira Etxean (Isa Muguruza ilustratzailea, Susana Ferreira pintorea eta María José Noain historialaria), ‘Bidasoko emakumezko artistak’ mahai inguruan, Myriam Miranda moderatzailearen gidaritzapean. Azkenik, jardunaldiari bukaera emateko, koktel informal bat izango da, eta, 19:30ean, Amane Area artistaren zuzeneko emanaldi akustikoa. Bestalde, egun osoan zehar, ahalduntze feministarako mural kolektibo bat sortuko da.

Parte hartzea

Tailerretan esku hartzeko interesa dutenek urriaren 16tik 22ra eman dezakete izena, doan, Irungo Emakumeen Etxean bertan edo Udalaren webgunean, eta, eskaera kopurua handiagoa bada toki kopurua baino, zozketa egingo da, urriaren 22an bertan. Gainontzeko jardueretan parte hartu nahi dutenak, berriz, aretoaren edukiera bete arte sartu ahalko dira, dohainik. Gainera, Berdintasun Zerbitzuari esker, parte hartzaileek kontziliazio zerbitzu bat izango dute eskura, 4 eta 12 urte bitarteko haurrak zaindu diezazkieten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude