Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiak Irunen duen ondarearen bildumen zentroa baino gehiago da. Bertan biltzen diren milaka objektu artistiko, etnografiko eta arkeologikoak iraganaren lekukoak dira. Hain zuzen ere, objektuen kontserbaziotik haratago, ezagutza, erabilera eta gozamena partekatzeko espazioa da 2011tik. Xabier Kerexeta Erro Gipuzkoako Foru Aldundiko Bildumetako eta Museoetako Atalburuak Gordailuak egun duen funtzioa errepasatu du guretzat.
10 urte igaro dira Gordailua Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako ondasun arkeologikoen eta paleontologikoen gordailu bihurtu zenetik. Gordailuaren bidea markatu du horrek?
Bai, oso garrantzitsua da, besteak beste, Gipuzkoan ez dagoelako arkeologia edo paleontologia museorik. Orduan, Gordailua 2011. urtean zabaldu zen arren, asmoa zen bertan horrelako funts arkeologikoak eta paleontologikoak biltzea. Gordailuaren berezitasuna da ez dela museo bat, hau da, ez dago publikoarentzat zabalik, nahiz eta bisita gidatuak ere antolatzen diren. Bertan ondarea bildu, gorde eta kontserbatu egiten dugu, baita kudeatu eta utzi ere, esaterako, erakusketetarako. Eraiki berez Aldundiarena da, beraz, baditugu Aldundiarenak diren funtsak, baina baita San Telmo museoarenak, 2011n berritu zena, eta ordutik erreserba funtsak hemen gordetzen dira. Udal funtsak ere baditugu, adibidez, Irungo Udalak bertan ditu Menchu Galen koadroak. Era berean, Gipuzkoako arkeologia eta paleontologiako funtsak hemen daude 2015etik. Kutxa fundazioak ere baditu koadroak. Beraz, gordailuaren ezaugarri berezia horixe da, bertan hainbat erakunderen funtsak daudela, ohikoa ez den zerbait.
Ordutik hori ez da gelditu eta funtsak handitzen joan dira, bai arkeologia eta baita paleontologia sailekoak ere, urtero hainbat tokitan indusketak egiten jarraitzen baitute eta hori guztia hona ekarri behar da. Ondarretan ikusi dugunez, mareabeherarekin, aztarna batzuk agertu dira eta horrelakoak hona ekartzen dira. Horretaz gain, funts etnografikoek, historikoek eta artistikoek ere handitzen jarraitzen dute.
“Gordailuaren ezaugarri berezia horixe da, bertan hainbat erakunderen funtsak daudela, ohikoa ez den zerbait”
Ondorioz, kudeatu beharreko funts kopurua geroz eta handiagoa izango da.
Hori da. Arkeologian normalean kaxaka kontatzen dira, zeren objektu oso txikiak izaten dira eta 12.000 inguru ditugu. Azken 10 urte hauetan 1.000 kaxa inguru gehitu dira eta oraindik beste batzuk jasotzea falta zaigu. Gainera, Aldundiaren funts etnografikoak eta historikoak ere jasotzen ditugu, erosi egiten direlako edo baita dohaintzak ere. Beraz, hazkundea ez da eteten. Horretaz gain, Gordailuan, hemen fisikoki ez dauden, baina hemengo katalogo informatikoan daudenak ere kudeatzeaz arduratzen gara. Adibidez, Aldundiko jauregian dauden artelan guztiak hemendik kudeatzen dira erakusketa bat egin behar denean.
Aurten beste urteurren garrantzitsu batekin zerikusia izan duzue, hau da, Gipuzkoa hitzaren idatzizko aipamen zaharrenaren 1.000 urteurrenarekin. Zer egin duzue?
Hemen ondarea zentzu zabalenean ulertzen dugu. Adibidez, urtea San Telmo museoan gai honi buruzko erakusketa batekin hasi zen eta han egin zen arren, guk ere bertan parte hartu genuen. Antolaketa kontzeptual eta logisitikoaz arduratu ginen. Gordailuan bertan berriz, urriaren 25ean, Burdina Pirinioetako ondarea izeneko topaketa hartuko dugu. Harremanak beti uste baino estuagoak izan dira Pirinioetan, ez bakarrik mendizaleen artean, eta gu ere bertan gaude, Gipuzkoa iskina batean dagoela dirudien arren. Burdina Gipuzkoako gai funtsezkoa da, Gipuzkoa ezin baita ulertu burdina gabe. Horrekin lotuta. topaketa honetan biltzen dira Katalunian, Andorra, Frantzia, Nafarroa eta Gipuzkoako burdinaren ondarea kudeatzen duten eragileak. Irunen bertan, Oiasso museoan, Burdinazko gaiak aurkitu dira. Meategiak ere baditugu, Irugurutzetakoa, adibidez. Ola orain sagardotegiak daukan izena da, baina euskaraz esanahi horixe du, burdinola. Olaberria ere badugu eta baita Urdanibia ere, monumentala dena. Beraz bai, burdinarekiko harremana oso sustraitua dago eta aspaldikoa da, eta horren balioa agerrarazi nahi genuen.
Gordailuaren lanari esker gure sustraiekiko loturak bizirik dirauen neurrian, ardura handia daukazue, ezta?
Ardura handia da, baina egia da ez dela erraza mugatzea zer den ondarea eta zer ez. Oso aspaldikoa denean argi dago, baina gaur egun hemendik aurrera ondarea zer izango den definitzea benetako erronka da, bai Gordailuan zein toki guztietan. Guk hemen ondarea biltzen dugu atzetik datozen belaunaldiek horren berri izan dezaten.
Azkenaldian pieza garrantzitsu edo berezirik batu da bildumara?
Ez da erraza horri erantzutea. Arkeologian adibidez, duela gutxi Ondarretan agertutako elementua. Askotan, arkeologian adibidez, hainbat elementu batera bildu eta kontrastatu egin behar dira. Ez da hainbeste objektuak bakarrik duen garrantzia, hau da, altxorra, baizik eta horren bidez zer erakutsi nahi dugun. Adibidez, Irunen Uranzu frontoiaren alboan zegoen Cesar ile-apaindegiak bere objektuak eman dizkigu. Orain arte etnografia esaten dugunean normalean baserriarekin, abeltzaintzarekin edo arrantza tradizionalarekin lotu izan dugu, baina etnografia urbanoa lantzeko horrelako objektuak biltzen ari gara. Baita Irungo La Palmera fabrikan egindako labanak edo guraizeak, adibidez. Ondarea mantentzea ez da soilik objektuak irautea, baizik eta horretaz ikertzea eta erantzunak emateko balio izatea.
“Guk hemen ondarea biltzen dugu atzetik datozen belaunaldiek horren berri izan dezaten”
Lankidetza aktiboa ezinbestekoa izango da, noski, bertan gordetakoak partekatu ahal izateko.
Bai, guk Gordailuan lan egiten dugu baina besteen zerbitzura ere bagaude. Hau Aldundiarena bada ere, esan bezala, San Telmo museoaren ondarea ere hemen dago, baita udal batzuena ere. Irunen bertan Amaia antzokian inauguratuko den erakusketara, Antonio Mateo margolariari buruzkora, Gordailuko elementu batzuk eramango dira. Horretaz gain, orain Gipuzkoako hainbat museotan ere Gordailuko piezak daude ikusgai eta hainbat erakunderekin harremanetan gaude erakusketa berriak antolatu eta horretarako piezak utzi ahal izateko.
Gordailua museo iraunkor bat ez den arren, izaten al da bisita gidatuak egiteko aukerarik?
Bai, izaten da. Hilean behin publiko orokorrarentzako bisitak egiten ditugu. Normalean, hileko azken ostiralean izaten dira eta parte hartzeko aurretik izena eman behar da, plazak mugatuak baitira. Gordailua handia bada ere, bertatik ezin da talde handietan ibili. Bestetik, bestelako taldeentzat ere bisitak antolatzen dira, esaterako, ikasle taldeentzat, bai institututik bai masterretatik. Beraz, bisitak hainbat talderentzat dira, espezialistak izan edo ez.
Zeintzuk izango dira Gordailuaren hurrengo erronkak?
Nik uste lortzen ari garela Gordailua kontserbazioaren erreferente izatea, batez ere, Gipuzkoan, baina baita hemendik kanpo ere. Oro har, ondarearen kudeaketaren erreferentea izatea nahi dugu. Horregatik antolatu dugu Pirinioetako topaketa hau, mugaz gaindiko eta nazioarteko beste proiektu batzuetan parte hartzeaz gain. Ondare immateriala ere jorratzen hasi gara; adibidez, hemendik gutxira Gau Beltzari buruz egingo den mintegi batean parte hartuko dugu. Azken batean, higigarria eta higiezina, etnografikoa, historikoa, etab. erosotasunarengatik bereizten ditugu, baina mugak oso lausoak dira, izan ere, dena da ondarea eta hori zaintzea da gure lana.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



