Irailaren 14an, asteazkena, Hirukide Euskadiko Familia Ugarien Federazioak aurkezpen bat egingo die Iruneko eta inguruko udalerrietako familia ugariei. Hitzordua 18:00etan izango da, Palmera Monteroko 5. Aretoa (Leandro Agirretxe Plazatxoa, 1). Baina aurkezpenera joaterik ez duten guztiei ere emango zaie arreta, 10:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:00etara, leku berean.
Aurkezpenean eta gainerako jardunaldian egongo den arreta-puntuan, erakundearen zerbitzu eta jardueren berri eman, familia ugarientzat Euskadin dauden eskubide, laguntza eta hobari publikoen informazio zehatza eskaini eta familiek dituzten zalantza, iradokizun eta erreklamazioei erantzungo zaie.
Landu beharreko gai nagusiak:
- Zer laguntza daude familia ugarientzat. Zer berri daude 2022 honetarako.
- Zer laguntza/deskontu daude Irunen?
- Familia ugarien egoera eta premiak eskualdeko udalerrietan.
- Elkartearen lana udalerri horietan.
- Bertaratutako familien ekarpenak entzungo ditugu.
Azken urteko berritasunak familia ugarientzat
Aurkezpen ekitaldian, azken hilabeteotan eta urteetan kolektibo honi zuzenduta izan diren berritasunak azalduko dira, familia ugari askok ez baitituzte ezagutzen. Besteak beste, hauek nabarmentzen dira, garrantzitsuak direlako:
Argiaren Bonu Soziala eta termikoa
Bonu Soziala elektrikoa azarotik abenduaren 31ra arte luzatu da, %25etik %60ra kolektibo zaurgarrientzat eta %40tik %70era zurgarri zorrotzentzat.
Aldi berean, 2021eko bonu termikoa 35 eta 350€ bitartekoa izango da, bizi den eremu klimatikoaren eta familiaren kalteberatasun-mailaren arabera.
Pasaportea eta NANa egiteko tasen salbuespena
Urtebete gehiago, kide ugariko familiako kideek dohainik egin dezakete NANa edo pasaportea, hau da, ez dituzte ordaindu behar agiri ofizial horiek izapidetzeko tasak.
Kide ugariko familia izaeraren hedapena
2015ean indarrean sartu zen kide ugariko familia izaeraren legezko hedapena, eta, beraz, familiek titulu hori izaten jarraituko dute seme edo alaba gazteenak legeak ezarritako adina bete arte (21 urte, edo 26 urte, ikasten edo prestatzen jarraituz gero). Legeak eskatzen duen gehieneko adin hori betez doazen seme-alabak titulutik at geldituko dira, baina, familiako gainerako kideen kasuan, familia ugari izaten jarraituko dute, gazteenak legezko adin hori bete arte.
Hirukide, 1999tik
Hirukide GKE apolitiko eta akonfesionala da, Eusko Jaurlaritzak 2003. urtean Onura Publikoko Elkarte gisa aitortua, bizitza politiko, instituzional, sozial, mediatiko eta enpresarialeko esparru guztietan kide ugariko familien eskubideen alde egiteko helburua duena.
Kide ugariko 8.300 familiak baino gehiagok (43.000 bazkide inguruk) osatzen dute, eta bazkide izateko baldintza bakarrak dira Kide Ugariko Familia Titulua edukitzea edo eduki izana eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea. Egun, titulua indarrean duten familien % 30 baino gehiago Hirukideren baitan daude.
HIRUKIDEREN AURKEZPENA IRUNEN
– Data: asteazkena, irailaren 14a.
– Ordua: 18:00etan.
– Lekua: Palmera Monteroko 5. Aretoa (Leandro Agirretxe Plazatxoa, 1).