Ostiral honetan, urriaren 31n, Irungo familiek Mr Bo antzezlanaz gozatu ahalko dute CBA Kultura eta Sormen Zentroan, 18:00etan. Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak antolatutako emanaldiaz gozatu nahi dutenek Udalaren webgunean eros ditzakete sarrerak, edo Amaia KZko txarteldegian bertan, ordubete lehenagotik, sarrerarik geratzen bada. Sarrerek 5,50 euro balio dute.
Marie de Jongh konpainiaren eskutik, ‘Mr Bo’ umorez betetako ikuskizuna da. Hitzik gabe, umoretik eta keinuen bidez esploratzen ditu botere despotikoaren arrazoiak eta hari aurre egiteko modua. Antzezlanak ikuskizun onenaren saria jaso zuen 2024ko Igualadako Mostran eta, gainera, 2025eko Max sarietako finalista izan da.
Antzezlanaren sinopsia
Hiru zerbitzariak ohituta daude Bo jaunaren agindu guztiak betetzen. Bizitza osoa eman dute haren aginduetara, haur txikia zenetik. Batzuetan, haiek agintean baleude mundua nolakoa izan zitekeen irudikatzen dute, boterea beren eskuetan balute eta inoren mende egongo ez balira. Jolasean ere aritzen dira, batek ugazabaren rola hartuta, besteek zerbitzari itxurak egiten dituzte.
Bo jauna txikia zenean, zerbitzariek «EZ!» esateko parada izan zuten, baina ez zioten esan, eta Bo jaun eta jabe izan da urteetan zehar. Oso esanekoak dira, mendean ditu Bo jaunak, baina une batean berriz ere «EZ!» esateko aukera aurkeztuko zaie.



