NIK Patrika Digitala aplikazioa Irungo kiroldegietara sartzeko erabili daiteke

Irungo kiroldegietako erabiltzaileek NIK Patrika Digitala aplikazioa erabil dezakete dagoeneko. Udalak, horrela, beste urrats bat egin du herritarrei zerbitzu publikoak errazteko eta, gainera, irisgarriago egiteko, etengabeko digitalizazio-prozesu batean murgilduta. Jon Ugarte Gobernu Irekiko eta Herritarren Parte Hartzeko ordezkariak eta Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak agerraldia egin dute gaur goizean sistema berriaren funtzionamendua azaltzeko.

NIK Patrika Digitala erabiliz Irungo Udalak abian jartzen duen aurreneko zerbitzua da hau. Horrela, herritarren artean informazio- eta komunikazio-teknologien erabilera eraginkor eta jasangarria sustatzen jarraitzen du Udalak.

Sarbiderako giltza mugikorrean

NIK Patrika Digitala orain arteko sarbide moduen osagarria da. Beste horiek erabiltzen jarrai dezakete erabiltzaileek, eta bakoitzak nahi duena hauta dezake une oro: Irun Txartela fisikoa, eskumuturrekoak edo Gimnasio Virtual edo NIK Patrika Digitala aplikazioen QRa.

Aplikazioa dagoeneko instalatuta daukatenek txartela deskargatu besterik ez dute egin behar, eta QR kodea pasatu tornutik sartzeko. Gainera, kiroldegietako bulego birtualera ere sar daitezke, beren datuak, abonamenduak, ikastaroetako izen-emateak edo ordainketak kudeatzeko.

Nortasun eta segurtasun digitala zaintzeko, NIK Patrika Digitala erabilita kiroldegietan sartzeko ezinbestekoa da NIKen digitalki identifikatuta egotea, B@KQ, DNIe edo Izenperen, FNMTren edo beste erakunderen baten ziurtagiri digital bat erabilita. Aplikazioak ez du balio adingabeentzat, heldu batekin tarifa berean egon arren.

Gainera NIK Patrika Digitala aplikaziora txartela deskargatu ondoren, automatikoki gordetzen da mugikorrean. Hortaz, hainbat hilabetez erabil daiteke, internet-konexiorik gabe ere.

Jon Ugarteren hitzetan, “zerbitzuak irisgarriago egiteko Udalak egiten duen beste urrats bat da hau”.   Gobernu Irekiko eta Herritarren Parte Hartzeko ordezkariak adierazi du digitalizazioa ezinbesteko prozesua dela ahalik eta jende gehienarengana iristeko. “Gainera, noski, NIK Patrika Digitalak funtzioak hartzea berri oso pozgarria da irundar guztientzat”, azaldu du Ugartek.

Bestalde, Borja Olazabalek nabarmendu duenez, “beti esaten dugu herritarrei erraztasunak emateko etengabe ari garela lanean”. Kasu honetan, hemendik aurrera kiroldegietara sartzeko mugikorreko aplikazioa erabil daiteke. “Oso erabilerraza da, eta bide egokia kirola sustatzeko, ahaztu gabe alor horretan beti ongi datozela ekarpen guztiak”, azaldu du Kirol ordezkariak.

Udal-zerbitzuen digitalizazioa sustatzen

Iazko irailean, osoko bilkurak aho batez onetsi zuen udal-zerbitzuen sarbide digitala hobetzeko mozio bat. Dokumentu horretan, NIK Patrika Digitala aplikazioaren erabilera zabaltzeko eskatzen zen, herritarrei zorro digital bat eskaintzeko, administrazio guztietan erabiltzeko aukera izan dezaten.

Mozio hori betetzeko, Irungo Udalak, EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearekin elkarlanean, egun Irun Txartelaren bidez ematen diren zerbitzuak aplikazio horretan sartzeko aukera aztertu du, udal-zerbitzuetan erabiltzen diren teknologiei eta EJIEk eskainitako integrazio informatikoko soluzioei erreparatuta.

Ildo horretan, iragan urriaren 31ko osoko bilkurak erabaki zuen Udala NIK Patrika Digitala erabiltzeko Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen arteko hitzarmenari atxikitzea, aho batez berriro ere.

EJIEk integrazio informatikoko soluzioak aplikatu ahala, beste zenbait zerbitzu integratu ahalko dira NIK Patrika Digitalean, hala nola zenbait instalaziotarako sarbidea edo edukiontziak irekitzeko aukera.

NIK Patrika Digitala

Google Playtik eta App Storetik deskargatu daitekeen mugikorrerako aplikazio honek aukera ematen du espazio berean integratzeko ohiko erabilerako zenbait txartel eta egiaztagiri, hala nola osasun-txartela, liburutegikoa, gazte txartela, familia ugariena edo, orain, hiriko kiroldegietara sartzekoa.

Mugikorrerako aplikazio hau nortasun digital seguru eta legez onartuetan oinarritzen da, eta datuak modu seguru, enkriptatu eta sinatu batean trukatzen ditu, halako moldez non muturretako erabiltzaileek baino ez duten edukia ikusten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude