Desgaitasuna duten pertsonen bizimodu independentea hizketagai izango da asteazkenean

Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, mahai-ingurua egingo dute abenduaren 3an, asteazkenean. Ekitaldia egun horretako arratsaldeko 18:00etan hasiko da Palmera Montero guneko 5. aretoan. Bertan parte hartuko dute desgaitasunaren alorrean lan egiten duten Agifes, Aspace, Atzegi, Aurreratu, Elkartu, Gautena, Goyeneche Fundazioa eta ONCE elkarteek.

Ekintza aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute gaur Josu Iguiñiz Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkariak eta elkarte parte hartzaileen ordezkariek. Mahai-inguru horretan, desgaitasunen bat duten pertsonen bizi-eredu independente bati buruz hitz egin nahi da. Ekintzaren helburua da pertsona guztiek modu independentean bizitzeko eta bizimodua aukeratzeko duten eskubidea gogoratzea, ikusaraztea eta aldarrikatzea.

Gizarte Ongizateko ordezkariak adierazi duenez, “eskubide horrek berekin dakar kolektibo horrek komunitatean bizitzeko behar dituen laguntza guztiak jasotzea, eta bizi-estiloaren inguruan aukeratu eta kontrolatu ahal izan dezatela, nola, non eta norekin bizi nahi duten aukeratuz, gainerakoen baldintza berdinetan, eta ez daitezela bizi-sistema espezifiko baten arabera bizitzera behartuta egon”. Iguiñizek gaineratu duenez, “lanean jarraitu behar dugu pertsona guztien berdintasuna aitortzeko, desgaitasunagatik diskriminaziorik ez gertatzeko eta lan-munduan sarbidea izateko, denok elkarrekin gizarte bidezkoagoa lortze aldera”.

Irungo Udalak hainbat baliabide eta laguntza-lerro eskaintzen ditu pertsona horiei zuzendutako ekintzak sustatzeko elkarteen bitartez, hala nola dirulaguntzak, lokalen lagapena, irisgarritasuna hobetzeko proiektuak, udalaren jarduera eta zerbitzuetan sartzeko proposamenak eta udal organoek deitutako foro eta saio jakin batzuetan parte hartzeko bideak, besteak beste.

Elkarte parte hartzaileak

Agifes (Osasun Mentaleko Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea): osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei laguntzeko guneak eskaintzen dituzte.

Aspace (Garun-paralisia duten pertsonen Elkartea): garun-paralisia duten pertsonen gizarteratzea bilatzen dute.

Atzegi (Desgaitasun Intelektuala duten Pertsonentzako Gipuzkoako Elkartea): desgaitasun intelektuala duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko topagunea eskaintzen dute.

Aurreratu (hezkuntza-premia bereziak dituzten haur eta gazteen senideen Bidasoako elkartea): aisialdiko, denbora libreko eta kiroleko jarduerak antolatzen dituzte.

Elkartu (Desgaitasun fisikoa duten pertsonen eskubideen aldeko elkartea): irisgarritasun unibertsala, hezkuntza, enplegua edo bizimodu independentearen eredua bezalako printzipioak partekatzen dituzten esparruetan lan egiten dute.

Gautena (Gipuzkoako Autismo Elkartea): bere eginkizuna da, autismoa duten pertsonei bizitza osoa eta zoriontsua izateko laguntza eta aukera egokiak ematea, gizarteratzea bultzatzen duen gizarte batean.

Goyeneche Fundazioa: desgaitasun intelektuala duten helduei eguneko arreta-zerbitzuak ematen dizkie.

ONCE: Ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko erakundea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude