Ethan Ramírezek 3 urte eta erdi zituen moto baten gainean lehiatzen hasi zenean. Donostiako motor eskola batean hasi zuen bere ibilbidea eta, ordutik, hainbat moto eta kategoriatatik igaro ostean, egun, 16 urterekin Yamaha R3ko pilotu izatera iritsi da. Kirolari irundarrak amaitu berri duen denboraldiaren balantzea egin du eta, etorkizunean, kirol arloan, aurretik dituen erronkez mintzatu zaigu.
Motoziklismoaren munduarekiko zaletasuna txikitatik datorkio. “Gogoan dut nire aitak erosi zidala nire lehen motoa”, adierazi du Ethan Ramírezek. Ordutik, kategoria eta lehiaketa maila ezberdinetatik igaro izanak esperientzia handia eman diola azaldu du kirolari irundarrak: “pixkanaka hobetzen zoazela ikusten duzu eta geroz eta gauza gehiago lortu nahi dituzu”. Gainera, txikitatik mundu honetan murgilduta ibiltzeari esker, bai bere entrenatzaileengandik bai bere familiak bere zaletasunaren alde egindako guztiarengatik asko ikasi duela azpimarratu du.
Aurten Yamaha R3 Kopan lehiatu da. Are gehiago, Ethan Ramirezek bertan irabazle izatea lortu du. Lasterketa hori orain arte parte hartutako lasterketa berezienetakoa izan da berarentzat, bereziena ez bada. Izan ere, garaipenak motibazio handia ekarri dio, lasterketa gehiagotan parte hartu nahi izateko eta, noski, irabazten jarraitzeko gogoz.
Kataluniako Kopan ere parte hartu du irundarrak eta bertan txapeldunordea izan da. Azkenik, bere kategoriako Espainiako Kopako lasterketa batzuetan ere parte hartu du eta 6. postua lortu du bertan. Ethan Ramírezek nabarmendu duenez, estatu mailako postu hori lortzea ez da batere erraza izan, “aurrekontu faltarengatik ezin izan baitugu Espainiako Kopa osatzen duten lasterketa guztietan lehiatu”.
“Aurten irabazteko gogo handia neukan, iazko denboraldian lesioek helburuen lorpena asko zaildu zidaten eta”
Ethan Ramírez, motzilismoko pilotua
Amaitu berri duen denboraldiaren aurkezpena San Juan plazan egin zuen, Cristina Laborda alkatearen laguntzarekin. Errekonozimendu horrek, denboraldiko erronkei motibazioz aurre egiten lagundu diola onartu du. “Aurten irabazteko gogo handia neukan, iazko denboraldian lesioek helburuen lorpena asko zaildu zidaten eta”, aipatu du Ethan Ramírezek. Hain zuzen ere, lesioengatik, iaz lasterketa bakarrean lehiatu zen eta ondorioz, entrenamendu asko galdu zituen. “Aurten ordea, denboren joanak konfiantza hori berreskuratzen lagundu dit”, azaldu du Ramírez motor-gidariak.
Beraz, amaitu berri den denboraldiaren balorazio positiboa egiten du Ethan Ramírezek. “Denboraldian zehar hainbat zirkuitutan lehiatzeko aukera izan dut eta oso denboraldi lehiatua izan da”. Guztira, 8 lasterketa inguru egin ditu, 2 zirkuitu bakoitzean. Adibidez, Kataluniako Alcarráz zirkuituan lehiatu da edo mundialeko ziurkuitua den Montmelón eta baita Castellollíko zirukuituan ere. Zirkuitu baten eta bestearen artean alde handia dagoela onartzen du Ethan Ramírezek: “Batzuk azkarragoak dira eta besteak, aldiz, motelagoak”. Irundar motor-gidariak onartu duenez, “nire zirkuitu gogokoena Montmeló da, oso azkarra baita”.
Hobetzeko nahi etengabea
Txapelketez gain, motorrarekin entrenatu ahal izateko etxetik aldentzea da kirol honetan trebatzeko modu bakarra. Horregatik, Aragoin dagoen 74AG Academyko, errendimendu altuko kirolarientzako eskolako pilotua da. Bertan, Adrian Garin du entrenatzaile. Entrenamenduetan gauza ezberdinak prestatzen dituzte, adibidez, abiadura. Bestetik, motocross edo “backtrack” izenekoan ere trebatzen dira, lasterketen prestaketari begira asko laguntzen baitie.
Horretarako, ahal duen asteburu guztietan motor eskolara gerturatzen da, etxetik entrenamendu gutxi aurreratu ditzake eta. Dena den, Efrén Vázquezekin ere egiten ditu tarteka entrenamenduak. Hala ere, berarekin batera maizago entrenatu ahal izateko, entrenamenduetarako motor berezi bat izan beharko luke. “Zirkuituan berarekin batera entrenatu ahal izatea oso lagungarria zait, batez ere, eguraldi txarra egiten duenean, euri lasterketak egoki prestatzeko”, adierazi du Ethan Ramírezek. Motorraren mantenuaz arduratzeko talderik ere ez duenez, bera eta bere aita arduratzen dira horretaz eta lasterketa bat duten bakoitzean, hemendik eramaten dute lehiatzeko erabiltzen duen motorra.
Babesle bila
Ethan Ramírezek babesle guztiek denboraldi honetan zehar eta orain arte emandako babesa eta laguntza eskertu du. Izan ere, motoziklismoa bezalako kirol batean funtsezkoa da kanpoko laguntzaileen sostengua izatea. Hain zuzen ere, Espainiako Koparen barnean egin diren proba guztietara bertaratzea ezinezkoa izan zaio, horrek eskatzen duen aurrekontu altua dela eta. “Andaluzian egin den lasterketaren batera joatea ezinezkoa izan zaigu, horrek aurrekontu handia eskatzen baitu eta”, adierazi digu Ethan Ramírezek.
“Nire zirkuitu gogokoena Montmeló da, oso azkarra baita”
Ethan Ramírez, motzilismoko pilotua
Diruaz gain, denbora aldetik ere ahalegin berezia eskatzen du batzuetan, zirkuitu batzuk etxetik urruti baitaude. Horregatik, ikasketak zaletasunarekin orekatzen saiatzen da Ethan Ramírez. Astegunetan ikasketekin loturiko guztia aurreratzen saiatzen da, asteburuak motoari eskaini ahal izateko. “Lasterketak ditugun asteetan, batzuetan ostegunetan atera behar izaten gara, eta beraz, antolaketa ona eskatzen du horrek”.
Motor-gidariak azpimarratu duenez, datozen denboraldietara begira, babesleen laguntza funtsezkoa izango da, etorkizuneko erronkei eutsi ahal izateko. “Orain atez ate joan eta gure kirol proiektua aurkezteko unea da, jendeak ezagutu gaitzan eta gure helburuak lortzen lagundu gaitzaten”, aipatu du motor-gidari gazteak.
Begirada etorkizunean
Datozen denboraldietara begira, Ethan Ramírezen helburua, ESBKn, Espainiako Superbike Txapelketan, lehiatzea da. Horretarako, “datorren denboraldian R7an lehiatu nahiko nuke, zaila izan arren, gogor lan egiteko prest nagoelako”.
Lehen txapelketak 2026ko apirilean izango ditu. Beraz, bien bitartean, denboraldi-aurreko entrenamenduetan eta prestaketetan buru belarri ibiliko da lanean. “Datorren urtera begira nahi dugun motoa erosteko aukerarik izango ote dugun aztertzea ere falta zaigu”, azaldu digu Ethan Ramírezek, diru aldetik, inbertsio ekonomiko handia eskatzen duen apustua delako.
Ethan Ramírezek argi dauzka gauzak. Izan ere, txiki-txikitatik, argi ikusi du handitan motor-gidari profesionala izan nahiko lukeela. “Amets hori noizbait egia izan dadin, gogor lan egiten jarraituko dut”, azaldu du irundarrak. Lanaz gain, inguruan babes nahikoa lortzea beharrezkoa ikusten du. Bere, ametsik gorena berriz, MotoGPra eta mundialera iristea da eta, are gehiago, bertako txapeldun izatea. Hori lortzeko, bidean, babes eta laguntza handia beharko du motor gidari irundar honek amets txiki eta handiak noizbait errealitate izan daitezen.



