Irungo Udaleko Kultura zerbitzuak gogorarazi du urtarrilaren 4an, igandean, amaituko dela Irungo 2026ko Inauteriak iragartzeko kartela aukeratzeko lehiaketara proposamenak aurkezteko epea. Obrak aurrez aurre entregatu daitezke Amaia KZ Kultur Etxean (sarrera Lopez Becerra kaletik), ezarritako ordutegiaren barruan, edo posta bidez, betiere kartela epea amaitu baino lehen iristen bada helmugara.
Aukeratutako kartela 2026ko otsailaren 12tik 17ra ospatuko diren Inauterien irudia izango da. Lehiaketaren oinarri osoak udalaren webgunean eta Amaia KZn bertan eskuragarri daude. Deialdia interesa duten herritar guztientzat zabalik dago, adin eta ibilbide profesionalaren mugarik gabe. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du. Lan hori originala eta argitaratu gabea izan beharko da, ez da aurretik saritu edo argitaratu, eta oinarrietan jasotako baldintza teknikoetara egokitu beharko da.
Epaimahaia konpartsa parte-hartzaileetako ordezkariek osatuko dute, eta 2026ko urtarrilaren 8an bilduko da kartel irabazlea eta accesita aukeratzeko. Lehen saria 600 eurokoa da, eta accesita 200 eurokoa.



