Artia eta Martindozeneako gaztelekuetako gazteek parte hartuko dute Osinbiribileko muralak berritzeko lanetan

Osinbiribileko inguruan, Ekainaren 28a Harrotasunaren Eguna plaza konektatzen duten hiru tuneletako muralak berritzeko lanak hasi dira. GazteARTEan programaren bitartez Garikoitz C. Murua artista arduratuko da mutal berriak margotzeaz Artiako eta Martindozeneako gaztelekuetako gazteekin batera. Sexu-aniztasuna izango da berriro mural hauetan islatuko den gaia.

Sandra Caballero Gazteriako ordezkariak eta Maite Cortina Berdintasuna eta LGTBIQ+ Eskubideetako ordezkariak eraberritze lanen xehetasunak eman dituzte. Izan ere, aipatu beharra dago ekimen hau burutu baino lehen, mezu homofoboak pintatu zirela muralen gainean, eta, ondorioz, zuriz margotu behar izan zirela.

Caballerok adierazi duenez, “Gazteria Zerbitzutik irmoki defendatzen dugu artea gizarte- eta hiri-eraldaketarako tresna dela. Gure ingurunea pentsamendu kritikoa, gogoeta, elkarbizitza eta errespetua sustatzen duen espazio bihurtzeko gai da”. Ildo horretan, honako hau nabarmendu du: “Gazteak ekimen hauetan inplikatzea funtsezkoa da gizarte-eraldaketarako, argi baitago zein den gorrotoari eta diskriminazioari aurka egiteko mezua: hezkuntza gehiago, elkarbizitza gehiago, inklusio gehiago eta askatasun gehiago.”

Bestalde, Maite Cortinak mezu hau igorri du: “Gure arlotik egunero lan egiten dugu LGTBIQ+ kolektiboko aniztasuna normalizatzen eta haren inguruan sentsibilizatzen. Urtean zehar hainbat ekintza eta data berezi ditugu sentsibilizazio horretan aurrera egiteko. Baina, horiekin batera, hirian ere baditugu gune berezi batzuk, hala nola Osinbiribileko muralak, eta horiek bidea egiten jarraitzea ahalbidetzen dute, normaltasuna eta berdintasuna lortzearren”.

Garikoitz C. Murua

Garikoitz C. Muruak Gazteriako Arloarekin lan egin du GazteARTEan programa diseinatzeko eta garatzeko, KREA programaren lerro nagusienetako bat. Proiektuak, tokiko talentua sustatu nahian, diziplina artistikoei balioa ematea eta gazteen garapen artistikoa laguntzea du helburu gisa. Hala, euren lana erakusteko, komunikatzeko eta hedatzeko lehenengo esperientzia eskaintzen die.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude