Artia auzoak mural berria du Pio Baroja kalearen eta Cesar Figuerido kalearen artean. Muralak garai batean Irungo pospolo fabrikako jarduera islatzen du. Nuria Alzaga Kultura ordezkariarekin batera, Eva Mena artistak ere parte hartu du gaur goizeko prentsaurrekoan.Murala igande honetan amaitzea espero da.
Asmoa da Azken Portun zegoen Irungo pospolo-fabrikan lan egin zuten emakumeei omenaldia egitea; izan ere, 1903an enpresako lankide bat kaleratu ondoren, elkartu eta Pospologileen Sindikatua sortu zuten, Sindikatu Feminista izenez ere ezagutzen dena. Helburua zen enpresa berean lan egiten zuten gizonen lan-baldintza berberak exijitzea, izan ere, oro har, erantzukizun txikiagoko lanpostuak betetzen zituzten, eta soldata txikiagoa zuten gizonena baino.
Muralak pospolo bat pizteko ekintza erakusten du lehen planoan, bi irudiren bidez. Lehen irudiak fosforoa nola pizten den agertzen du, zuri-beltzean, eta bigarren irudiak hasierako lehen sugar hori harrapatzen du, koloretan, eta emakume horiek sustatu zuten ekintzarako trantsizioa irudikatzen du. Zuri-beltzetik eta tonu laranjetatik harago, hiriari erreferentzia egiten dioten beste kolore mota batzuk ere badaude muralean, uraren urdina edo naturaren berdea, esaterako.
Nuria Alzagaren hitzetan, “hiriko arteak hiri asko aire zabaleko benetako museo bihurtu ditu; Irunen, esaterako, kaleak istorioak koloreen, formen eta mezuen bidez kontatzen dituzten mihise bihurtzen dira”. Kulturako ordezkariaren hitzetan, “horren erakusgarri da azken pieza hau, Irungo pospolo-fabrikan lan egin zuten emakumeen oroimenez, gaur egun hiriaren ondare artistiko erraldoiarekin bat egiten duena”.
Irungo Udaleko Kultura arlotik sustatutako ekimena da; izan ere, bere lan ildoen artean, hiriko hainbat ingurunetan mural artistikoak egiteko programa bat dago, artea eta muralismoa eta bertako artistak balioan jartzeko helburua duena.
Eva Mena
Eva Mena artista urbano bat da, Arte Ederretan lizentziatua, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia du espazioak muralismo artistikoaren bidez eraldatzen. Aldaketarekin eta borroka sozialarekin duen konpromisoa munduko hainbat herrialdetan egin dituen esku-hartze ugarietan islatzen da. Artiako murala haren esku-hartze artistiko berriena da, eta muralismo artistikoan aditua den Garikoitz C. Murua Fierroren laguntza teknikoa du.
Artea hirian barrena
Gogoratu behar da azken mural hori ‘Artea eta Muralismoa’ gida mapa interaktiboarekin bat egiten duela. Mapa horrek jada 40 pieza artistiko inguru ditu dagoeneko, eta hiriko lan artistikoetan barrena ibilbide bat proposatzen du, Kultura eta GazteARTEan arloak bultzatutako programen esparruan sortuak. Gainera, mapak QR kode bat du, obrak ezagutzeko interesa duten pertsona guztiek pieza bakoitzak gordetzen duen informazioa berehala eskuratzeko aukera izan dezaten.