‘Hemen ARTISTAK Gara!‘ erakusketa gaur inauguratuko da Martindozenea Gaztelekuan. Ekitaldia arratsaldeko 17:30ean izango da. Erakusketa ikusteko interesa dutenek 2026ko urtarrilaren 7ra arte bisitatu ahal izango dute.
Sandra Caballero Irungo Udaleko ‘GazteARTEan’ Gazteria arloko ordezkariak gaur goizean erakusketa aurkezteko prentsaurrekoa eman du. Ordezkariarekin batera, prentsaurrekoan izan dira Rakel Salinas, Marrazketa eta Pinturako Udal Akademiaren ordezkaria, Susana Ferreira, Susana Ferreira Akademiaren ordezkaria, Aitor Espie, ESPIE marrazki eta ilustrazio tailerraren ordezkaria, eta Garikoitz C. Murua Fierro, GKo Gallery & Art Studio arte estudioko ordezkaria.
Erakusketa GazteARTEan Expo proiektutik sortu da, KREA programaren lan-ildoetako bat baita, eta tokiko artista gazteen talentua sustatzea du helburu. Erakusketak Irungo pintura, marrazketa eta sormen-esperimentazioko akademietako 12 eta 17 urte bitarteko ikasleen 30 bat lan jasotzen ditu. Zehazki, azkeneko urtean egindako lanak biltzen ditu. Lanak hainbat formatu eta teknikatan gauzatzeko orduan haiek jarritako ahalegina, ilusioa eta ikuspegia transmititu nahi izan da, irakasleen gidaritzapean ikasitakoa, hain zuzen.
Sandra Caballero Gazteria ordezkariak azpimarratu duenez, Irungo Udalak “tokiko talentu gaztea bultzatzen jarraitzeko konpromisoarekin jarraitzen du. Programa honek gure herriko talentu gaztea ezagutarazteko eta aitortzeko balio izan du. Horren bitartez, lagundu egin diegu, eta haien sormen-proiektuak bultzatu ditugu, etorkizun profesional baterako leihoa zabalduz. Obra horietako bakoitzaren atzean ilusioa, ahalegina, dedikazioa eta mundua ikusteko modu ezberdinak daude. Hori guztia partekatzea aberasgarria da denontzat”. Ordezkariak gaineratu duenez, “gaztelekua leku aproposa izan da eta izango da adin ezberdinetako gazteen arteko sinergiak eta ideiak trukatzeko”.
Erakusketaren antolaketa
Erakusketan parte hartzen duten artistak Irungo hainbat ikastetxetako ikasleak dira (San Vicente de Paúl Ikastetxea, Pio Baroja, Bernart Etxepare I.P., School Maurice Ravel, Irungo La Salle, Belaskoenea, Toki Alai, Txingudi, Talaia, Hirubide, El Pilar, San Vicente, Erain-Eskibel) eta, aldi berean, hiriko marrazki eta pintura akademietan pintura klaseak jasotzen dituzte (Marrazketa eta Pintura Udal Akademia, Susana Ferreira akademia eta ESPIE marrazketa eta ilustrazio tailerra).
Parte-hartzaileek gai eta teknika askeko lan bat aurkeztu dute, eta irakasleen laguntza izan dute beren lanak aukeratzeko garaian, erakusketan ikusgai jartzeko egokiena zen formatua kontuan hartuta, eta erakusketa egituratzeko moduan oreka eta narratiba bilatuz.
Gazteria arlotik adierazi dute beharrezkoak diren baliabide guztiak eman zaizkiela lanak ikusgai jar daitezen modu jakin batean, alegia, haietako bakoitzak protagonismoa izan dezala indibidualki, baina osotasunean harmonia bilatuz. Obretako bakoitzari buruzko informazio osoa GazteARTEan web atarian dago eskuragarri.
KREA programa
GazteARTEan Expo tokiko talentuak sustatzearekin lotutako KREA programaren lan-ildo nagusietako bat da. Xedea adar eta talentu artistikoen balioa aitortzea da, hala garapen profesional nola pertsonalerako, horretarako lehen esperientziak erraztuta, esate baterako erakusketak antolatuz, komunikazio-prozesuak eginez edo artisten lana ezagutzera emanez.



