Gaur goizean Eguzkitza BHI inaugurazio berezi baten lekuko izan dira. Zereginen Ikaskuntzarako Gelako, ZIG gelako, ikasleak izan dira protagonistak. Bigarren hiruhilekoan zehar burututako proiektu bati amaiera eman diote eta. Eskolako sarrera goitik behera eraldatu dute, egurra eta landareak erabiliz.
Lan honi esker ikastetxeko sarrera espazio atseginagoa da orain. Aurretik, adreiluz beteriko pareta soil eta aspergarriari ukitu berezia eman diote ikasleek beren eskuekin egindako lanarekin. Proiektuaren emaitza ospatzeko, inaugurazio ekitaldia antolatu dute Eguzkitza BHIn gaur goizean. Aitziber Gomez zuzendariaren zorion hitzak entzun dituzte ekitaldiaren hasiera, ikasle zein irakasleen lana goraipatu nahi izan dituena:“Ekitaldi xume baina esanguratsu honetan elkartu gara bizitza, lana eta batez ere hezkuntza-komunitate gisa garena ospatzeko”.
Horrela, ikastetxeko sarrera berria inauguratu dute, hemendik aurrera egunero ongietorria emango diena. Zuzendariak azpimarratu duenez, proiektuan parte hartu dute Davidek, euren arotzeria-irakasleak, Asierrek hezitzaileak eta Zig gelako beste irakasle eta irakasleek. Aitziber Gomezek adierazi duenez, “aldaketa sakona eta esanguratsua egin duzue, itxura fisikotik haratago doana”.
Estetikatik harago doan lana
Inaugurazioan zuzendariak aipatu bezala, Eguzkitza BHIko Sarrera berria ez da hobekuntza estetikoa soili: “gure asmoen eta izaeraren, izan nahi dugunaren adierazpen bat da”. Izan ere, diseinuak eta estrukturak ikastetxearen balioak islatzen ditu: harrera, adeitasuna, gertutasuna, elkartzea eta naturarekin lotura.
Bide beretik, Gomez zuzendariak espazioek izaeran edo portatzeko eran duten eraginaz hausnartu du: “Nik uste dut, sarrera berri honek gu guztiongan magia egiten hasi dela eta egingo duela, gertutasuna adierazteko asmoarekin sartzen garelako egunero eskolan”. Horrela, bertaratutakoei eskerrak emanez, gaineratu du: “Eskerrik asko zuen lanaren bidez gogorarazteagatik denok dugula zer eskaini. Eta elkarrekin lan egiten dugunean, errespetuz eta zaintzaz, edertasuna eta zentzua sortzeko gai garela”.
Zinta gorria moztu eta bertaratutakoen artean aro berri baten hasiera islatzen duten zatitxo gorriak banatu ostean, sarrera berria behar den moduan inauguratzeko hamaiketakoaz gozatu dute ikasle zein irakasleek.












