Marte Lasarte eta SUA CBAko Irun Zuzenean eszenatokian arituko dira larunbatean

Marte Lasarte eta SUA taldeak izango dira Irungo Udaleko GazteARTEan Gazteria zerbitzuak 2026ko musika programazioaren barnean kontzertua eskaintzen lehenak. Kontzertua urtarrilaren 24an, larunbatean izango da, 21:00etan, CBAko Irun Zuzenean aretoan. Sarrerak 5,65 euro balio du eta Irungo Udalaren webgunearen bidez eros daiteke.

Musika programazioak otsailaren 28an jarraituko du Sanguijuelas del Guadiana taldearekin, jada “sarrerak agortuta” kartela eskegi duen kontzertua hain zuzen, eta martxoaren 14an Tinez taldea izango da eta maiatzaren 30ean Hofe. Gainera, hiru kontzertu horietan herriko DJak ariko dira. Programazio honen helburua gazteei zuzendutako proposamen musikal anitza eskaintzea da, kultur ohiturak indartzeko eta aisialdiaz gozatzeko modu sortzaile eta bizigarriak sustatzeko.

Marte Lasarte

Marte Lasarte taldea, Borja Anton eta Pello Armendarizen batasunetik sortutako proiektua da. 15 urtez Skakeitan proiektua partekatu ondoren, berriro indarrak batu zituzten 2023an lehen albuma idazten hasteko.

2024an zehar “Basamortua” eta “Marte Lasarte” singleak kaleratu zituzten eta Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonso (Skakeitan, ETS, Tierra Santa, Gari…) gehitu zitzaizkien.

2024an argitaratu zuten lehen lana, “Ez Da Besterik” (Balaunka), eta, gaur egun, Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo, zuzeneko kontzertu indartsuak eskaintzen ari dira.

SUA

Bestalde, Maruriko (Bizkaia) rock alternatiboko SUA taldeak post-punkaren energia eta doinu indartsu eta itsaskorrak uztartzen ditu. Euskaraz eta ingelesez abesten dute eta euskal eszenategiko erreferentziazko talde gisa sendotu da.

“Ordu beltzak” (2019) eta “Gorde Genituen Beldurrak” (2022) lanekin SUAk nazioarteko proiekzioa lortu du. Azaroan kaleratuko du hirugarren diskoa, “Bide Ilunek Argitzen Zuten Dena”, soinu rockeroago batekin eta Cecilia Boströmen (The Baboon Show) kolaborazioarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude