Avenida zubiaren memoria historikoa errepasatzeko dokumentala emango da otsailaren 6an Amaia KZn

Otsailaren 6an, ostiralarekin, Puente Avenida. Memoria histórica sobre el Bidasoa dokumentala emango da, Amaia KZn. Irungo Udaleko Kultura Arloak ematen ditu Ribera beketako proiektu irabazleetako bat da film laburra. Artea eta ikerketa konbinatzen dituen diziplinarteko bekaren emaitza da ikus-entzunezko hau. Emanaldia 20:00etan hasiko da, doan, eta gonbidapenak Irungo Udalaren webgunean eskuratu daitezke.

Proiekzioa aurkezteko prentsaurrekoan eman du gaur goizean Nuria Alzagak Avenida zubian bertan, Rubén Ávila (Gachiro Films) eta María José Noain Maura proiektuaren sortzaileekin batera. Dokumentalak 80 minutu inguru irauten du, eta, autoreek sorkuntza prozesuaren hasieran azaldu zutenez, “Avenida zubiak Bidasoaldean (izan) duen inpaktua ikertu eta erakustea du helburu, eta argitzea nola eraldatu duen hemen mende batean baino gehiagoan mugaz gaindi gertatu denak ingurune sozial, kultural eta politikoa”.

Alzagaren esanetan, berriz, “Avenida zubia memoria demokratikoaren leku izendatu eta astebetera, emanaldiak leku historiko honen 117 urteak azalduko dizkigu, hainbat pertsona ezagunen eta profesionalen eskutik, ikuspuntu tekniko eta zientifiko batetik”.

Gachiro Films ekoiztetxea izan da, Irungoa, proposamen transmedia hau errealizatzeko arduraduna, Ruben Ávila zuela buru: hamasei elkarrizketa historia eta antropologia gaietan adituei, ingeniariei eta arduradun politikoei. Hain zuzen ere, honako hauek ageri dira filmean: Irungo alkate Cristina Laborda; hiriko aurreko bi alkateak, José Antonio Santano eta Alberto Buen; Pedro Barruso; Imanol Espinazo; Oihana Galardi; Ana Galdós; Siso Iglesias; Enrique Noain; María José Noain; Marijo Nogués; María Ocio; Aitor Puche; Fernando San Martín; Mertxe Tranche; eta Mikel Zabaleta.

Dokumentalaz gain, María José Noainek liburu bat osatu du; berak aitortu duenez, zubiari “merezi duen protagonismoa emateko eta hura memoria historikoaren ikuspuntutik errekuperatzeko”. Izan ere, gogorarazi duenez, “dagoeneko ehun  urte baino gehiago ditu, eta oso protagonista esanguratsua izan da mugak garrantzi berezia izan duen egoera gatazkatsuetan, hala nola bi mundu gerretan, Espainiako Gerra Zibilean eta are COVID pandemian ere”.

Rubén Ávila Filosofian doktorea da, baina gidoilari lanetan aritu da; gaur egun, Gachiro Films ekoiztetxean, fikziozko proiektuak eta dokumentalak ontzen.  María José Noain Maura, berriz, arkeologoa eta antropologoa da ikasketaz, eta, lan munduan, hezkuntzan eta kultur kudeaketan, museoetan eta komunikazioan ibili da.

Través proiektua

Ribera beken edizio honetako beste irabazlea Través izenburuko sorkuntza esperientzia da, eta emaitza otsailaren 20an erakutsiko da jendaurrean, 20:00etatik aurrera, talde ireki batekiko performance baten bidez, CBA Kultura eta Sorkuntza Zentroan. Egileek, Ageda Blasco Egiak eta Izaro Ieregi Gonzálezek, “Bidasoa ibaiarekin gorputzez gorputz bat egiten duen subjektu bat adierazi” nahi izan dute, “maitasunaren afektu iraultzaileak eta ibaiko urak zeharkatua, baita lurralde zatiketak ere, zeina zatiketa gorputzezko eta afektiboa ere baden”. Interesa dutenek webgune berean eskuratu behar dituzte sarrerak, www.irun.org/entradas helbidean.

Ribera bekak

Ribera beken helburua Bidasoa ibaiaren, memoria historikoaren eta muga kontzeptuaren inguruko ikerketa eta ekintza proiektuak sustatzea da, eta proiektuek badute ezaugarri bat: tandem formatuan lantzen dira, profil desberdinak konbinatuta, artearen esparrukoa bata eta ikerketaren esparrukoa bestea. Bederatzi hilabete irauten dute, eta, aurten, bekadun bakoitzak 11.250 euro bereganatu ditu, aurreko urteetan baino gehiago.

Bekek hasieratik eman dituzten lan artistikoek askotariko gaiak landu dituzte, hala nola 1993an muga desagertu zenekoa, Irunen soinu memoria eta Bidasoa ibaiaren inguruko emozioak, eta haiek sortzeko bitartekoak ere askotarikoak izan dira: ikus-entzunezkoak, eskultura, antzerkia, perfomancea…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude