Sara Aagesen Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordea eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa Irunen izan da gaur, Artiako ubidearen amaierako zatia birnaturalizatzeko lanak bisitatzen. Berarekin batera, bisitan izan dira Irungo alkatea, Cristina Laborda, Gobernuaren Euskadiko ordezkaria, Marisol Garmendia, eta Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordea, Noemí López. Elkarrekin ibai inguruko paisaian integratzeko egin diren lanak ezagutu dituzte.
Obrak 2024ko abenduan jarri ziren martxan, eta aurki amaituko dira. Adjudikazioaren aurrekontua 3,7 milioitik gorakoa izan da, Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak finantzatuta. Proiektuaren helburuak dira uholdeetan babesa bermatzea, ingurumena hobetzea, paisaia integratzea eta oinezkoen pasealekua eta bidegorria luzatzea.
Cristina Laborda Irungo alkateak eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari, Osinbiribileko parkea amaitzeko inbertsio honegatik. «Obra honekin beste urrats bat egiten ari gara Bidasoaren ibai-fatxadan, oinezkoen pasealekua eta bidegorria luzatuko ditugu, eta aurrera egiten eta hiria egiten jarraitzen dugu frogatzen dugu, ingurumen-politikak kontuan izanik».
Suspertze ekologikoa
Guztira, 200 metro inguruko eremuan jardun da: GI-636 errepidean hasi eta ubideak urak Bidasoan husten dituen puntuan amaituta. Birnaturalizatutako espazioa 13.000 metro koadrotik gorakoa da, eta mugakide ditu Natura 2000 sareko bi eremu: Txingudi-Bidasoa kontserbazio bereziko eremua (KBE) eta aurki osatuko den Txingudiko hegaztientzako babes bereziko eremua (BBE).
Proiektuari esker, hormigoizko harresiek zedarritutako ibilgu zati zuzenaren ordez inguru naturalizatu eta jasangarriago bat izango du Irunek etorkizunean. Euste-horma zaharrak kendu eta Krainer motako ezpondak eraiki dira, egurrezko egiturak eta landare biziak uztartuta. Ezponda horiek ibaiertzaren egonkortasuna bermatzen dute eta, landareak landatu direnez, ibilgua naturalizatzen dute. Horrela, eremu osoaren suspertze ekologikoa sustatzen da.
Gainera, kanalaren trazaduran sigi-saga batzuk sartuta, eremuan hobeto integratzen da, eta 400 metro koadro inguruko azalera gehitu da. Horrela gaitasun hidraulikoa eta ingurumen-integrazioa hobetzen dira. Trazadura berria osatzeko, oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbide bat osatu da, Osinbiribil parkekoarekin lotuta. Kanalaren konfigurazio berriari egokitzen zaio, betiere beharrezko segurtasun tartea gordeta.
Zubi berria
Bisitan azaldu dutenez, oinezkoentzako pasarela zaharra kendu da, eta corten altzairuz egindako berri bat instalatu. Horrek nabarmen hobetzen du irisgarritasuna eta, gainera, oinezkoen eta txirrindularientzako ibilbide jarraitu bat bermatzen du. Horrela, jarraitutasuna ematen zaio oinezkoen pasealekuari eta bidegorriari, Donostialdeko eta Bidasoa Behereko lurralde-plan partzialean jasotakoaren arabera.







