BidaSound jaialdia Irunen nortasun eta anbizio kulturala indartzeko helburuarekin jaio da. Cult Productions enpresak bultzatutako ekimen honek abuztuko azken asteburua, hilaren 28a eta 29a, Ficobako kanpoaldean. Aurkezpenean azaldu denez, “etxeko jendeak” bultzatutako proiektua da, herrian sinesten duena eta eragin ekonomiko zein kulturala eskualdean bertan gera dadin nahi duena.
Lehen edizio honek oihartzun handiko artistak bilduko ditu Ficobako eszenatokietan. Maldita Nerea, Celtas Cortos, Efecto Pasillo eta David Otero bezalako talde eta bakarlari ezagunekin batera, Burning edo La Frontera bezalako izen historikoak arituko dira. Tokiko talentuaren aldeko apustua ere argia da, La Bona Dea edo Sao bezalako proposamenekin, eta Aitana Grandes zein Oihan Vega gonbidatu bereziek osatuko dute esperientzia.
Jaialdia antolatzeak 500.000 eurotik gorako inbertsioa eskatuko du. Kopuru hori ez da soilik artisten kontrataziora bideratuko; Ficoba eremua benetako “hiri txiki” batean eraldatuko da bi egunez. Segurtasun dispositibo zabala, osasun-zerbitzuak, punta-puntako argiztapen eta soinu teknikak, eta egunero 6.000 eta 8.000 pertsona artean hartzeko beharrezko logistika guztia bermatuko da inbertsio horri esker.
Eragin ekonomikoa eskualdean
Antolatzaileen kalkuluen arabera, jaialdiak milioi bat eurotik gorako eragin ekonomikoa izango du eskualdean. Kalkulu horrek bisitariek hoteletan, jatetxeetan eta garraioan egingo duten gastua hartzen du kontuan. Gainera, jaialdiaren ekoizpenerako tokiko enpresak kontratatu dira, hala nola Zebra merchandising-erako edo Events Onddar2 muntaketarako, diru-fluxua Irun eta inguruko herrietan geratuko dela ziurtatuz.
BidaSound “jaialdi berde” baten eredurantz doa. Vasa kontzesionarioaren laguntzarekin, Volkswagen IDBUZZ %100 elektrikoa izango da ibilgailu ofiziala, mugikortasun jasangarriaren aldeko mezua indartuz. Era berean, Azahar Dominguez diputatuak nabarmendu du garraio publikoa funtsezko aliatua izango dela milaka zale Ficobara modu ordenatuan eta ekologikoan irits daitezen, kostaldeko herrien saturazioa saihestuz.
Abuztuko azken asteburua aukeratzea ez da kasualitatea. Irun, Hondarribia eta Hendaia turismo okupazio handieneko egunetan daudela aprobetxatuz, BidaSound-ek “azken ospakizun” gisa aurkezten du bere burua rutinarako itzulera baino lehen. Ficoba, Gipuzkoako erreferentziazko gune gisa, ingurune ezin hobea dela frogatu nahi du tamaina handiko kultur ekitaldiak hartzeko eta Irun mapa turistikoaren erdigunean jartzeko.
Sarrerak eskuragarri eta salmenta-puntuak
Jaialdiaz gozatu nahi duten zaleek dagoeneko eros ditzakete sarrerak BidaSound webgune ofizialaren bidez. Antolakuntzak gomendatzen du sarrerak lehenbailehen eskuratzea, egun bakoitzeko edukiera 8.000 pertsonara mugatuta dagoelako eta uda agurtzeko hitzordu honek ikusmin handia piztu duelako. Webgunean,sarrerak eta bonu bereziak aurki daitezke, baita jaialdiaren inguruko informazio praktiko guztia ere.



