Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak (GAO) gaur, martxoak 5, argitaratu du Via Irun proiektuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa. Joan den otsaileko Osoko Bilkuran aho batez onartu zen aldaketa puntual hau, eta gaurko argitalpenarekin batera, erakusketa-aldi ofiziala jarri da martxan. Prozedura honi esker, herritarrek planaren xehetasunak aztertu eta bidezkoak ikusten dituzten alegazioak edo ekarpenak aurkeztu ahal izango dituzte.
Gardentasuna bermatze aldera, Irungo Udalak Via Irun proiektuaren webgune berria aktibatuko du bihar, martxoak 6. Webgune honek diseinu dinamiko eta bisualagoa izango du, informazioa gaika banatuta egongo delarik. Tresna honen bidez, proiektuaren alderdi nagusiak kontsultatu ahal izango dira: plan berriaren zehaztapenak, 2024ko abenduan sinatutako Trenbideak Integratzeko Protokoloa eta Aduana Zaharreko eraikinean egongo den Hiri Barruti Berritzailea, besteak beste.
Proiektua modu bisualean
Webgunearen berrikuntza nagusietako bat 3Dko mapa birtuala izango da. Bisore honi esker, irundarrek hirian egingo den berroneratze proiekturik handiena modu errazagoan ulertu ahal izango dute. Tresna teknikoak eta ikusizkoak uztartuz, Udalak herritarren eta proiektuaren arteko distantzia murriztu nahi du, etorkizuneko hiriaren irudia guztien eskura jarriz.
Cristina Laborda alkateak herritarren partaidetzaren garrantzia azpimarratu du aurkezpenean. Labordaren hitzetan, Irungo Udala beti bereiztu da alderdi parte-hartzailea sustatzeagatik, eta proiektu anbiziotsu honetan herritarren iritzia “funtsezko aktiboa” dela gaineratu du. Alkateak irundar guztiak animatu ditu webgunea kontsultatzera eta prozesuan parte hartzera, hiri-berroneratze hau “hiriaren historiako erronkarik handiena” baita.



