Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak hitzaldi berezi bat antolatu du datorren asterako: “Desgaitasuna duten emakumeak: ahalduntzea, autonomia eta indarkeriarik gabeko bizitza”. Saioa ELKARTU erakundearen eskutik (Gipuzkoako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Federazio Koordinatzailea) emango da. Hitzordua martxoaren 25ean, asteazkena, izango da, arratsaldeko 18:30ean, Irungo Emakumeen Etxean. Sarrera doakoa izango da, lekuak bete arte.
Desgaitasuna duten emakumeek, historikoki, bazterketa bikoitza edo anitza jasan izan dutela gogorarazi dute antolatzaileek. Haien bizitzetan askotariko desberdinkeriak gurutzatzen dira: Generoa eta desgaitasuna, gizarte-klasea eta mendekotasun ekonomikoa eta adina eta instituzionalizazioa. Egiturazko egoera horiek guztiek indarkeria eta bazterketa pairatzeko arriskua areagotzen dute. Hori dela eta, hitzaldi honen helburu nagusia kolektibo honen errealitatea ikusaraztea da.
Ahalduntzea bide gisa
Saioak giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia bultzatu nahi du. Antolatzaileen hitzetan, funtsezkoa da ahalduntzea indartzea, hori baita emakume hauentzat bizitza autonomo, independente eta, batez ere, indarkeriarik gabekoa lortzeko bide bakarra.



