Jaizubia Zaldiketa Eskolak IV. ANAGAN Koparen bigarren fasea hartuko du asteburu honetan

Asteburu honetan, martxoaren 28an eta 29an, Irungo Jaizubia Zaldiketa Eskolak 2026ko Zaldi-jauzi IV. ANAGAN Koparen II. Fasea hartuko du bere instalazioetan. Euskadiko Hipika Federazioak eta Irungo klubak elkarlanean antolatutako hitzordu honek garrantzi handia du estatu mailan, eta ehun parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu. Txapelketak maila guztietako kirolariak elkartuko ditu, hasiberrietatik hasi eta ibilbide luzeko profesionaletaraino.

Parte-hartzaileen artean, maila goreneko zaldizkoak egongo dira, hala nola Xabier Zabaleta eta Peio Elorduy. Edizio honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako kirolariak ez ezik, Nafarroa, Errioxa eta Kantabriatik etorritako amazona eta zaldizkoak ere arituko dira lehian. Probetan, esperientzia handiko profesionalekin batera, maila apalagoetan nabarmentzen hasi diren promesek ere beren trebetasuna erakusteko aukera izango dute.

Lehiaketaren antolaketa

Lehiaketa larunbat goizean hasiko da, 8:30ean, eta igandean ordu erdi beranduago abiatuko da jardunaldia. Asteburuan zehar, altuera desberdinetako jauziak ikusi ahal izango dira, 0,50 metrotik 1,30 metrora bitartekoak. Igandean jokatuko da Sari Nagusia, eta guztira 6.000 euro banatuko dira eskudirutan irabazleen artean, maila bakoitzeko lehen sailkatuentzako opari bereziekin batera.

Antolakuntzak herritar guztiak animatu ditu Jaizubiako instalazioetara hurbiltzera, proba lehiakorrak eta oso ikusgarriak izango direla baitiote. Gainera, jende pilaketak saihesteko eta etorrera errazteko, ibilgailuentzako aparkaleku bereziak jarriko dira Txingudi Ikastolan eta Urdanibia Jauregiaren inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude