Gaur egun bezala, erromatar munduan ere sukaldeak eta sukaldaritzak garrantzi handia zuten. Oiasson agertu diren aztarnak kontuan hartuta, hemen ere jarduera horrek pisu handia izango zuen. Inguru honetan egindako indusketetan aurkitutako ontziak, platerak, edalontziak eta sukaldeko beste tresna asko zeramikaz eginak dira. Oinarrizko ontzi horiek sukaldatzeko eta jakiak garraiatzeko erabiltzen ziren, eta litekeena da Oiasson bertan edo inguruan halako piezak ekoizten zituzten tailerrak egotea. Nolanahi ere, tokiko zeramika horrek eguneroko beharrei erantzuten zien: erabilgarria zen, baina ez bereziki dotorea.
Hala ere, Erromatar Inperioak sukaldaritzarekin eta mahaiko kulturarekin lotura zuzena zuen joera bat zabaldu zuen: terra sigillata izeneko zeramika fina. Gure inguruan 1960ko hamarkadan Duralex platerak modan jarri ziren bezala, terra sigillata ezinbesteko bihurtu zen erromatar etxe aberatsetan. Kolore gorrixka distiratsua zuen, gainazal leun eta ia beiraztatua, eta askotan molde bidez egindako apaingarriak izaten zituen: animalien, landareen, dantzan ari diren pertsonen edo irudi geometrikoen erliebeak.
Gure inguruan Bidasoa portzelanen lantegietan egindako plateren sinadura oso estimatua zen bezalaxe, erromatar garaiko ontzi askok fabrikatzailearen zigilua ere eramaten zuten, artisau horien lana oso estimatua baitzen. Horri esker, Oiasson aurkitutako piezek erakusten dute hiriaren garapena bereziki I. eta II. mendeetan gertatu zela.
Hasieran, Oiassora iristen zen terra sigillata gehiena Garona ibaiaren ingurutik, Frantziako hegoaldetik, Montans ingurutik, zetorren. Baina K.o. 70. urtetik aurrera, Errioxako Tritium Magallum herriko —gaur egun Trizio izenarekin ezagutzen den herriko— tailerrek ospe handia lortu zuten. Oiasson aurkitutako ontzi mota horretako gehienak handik ekarriak dira. Inguru horretan buztin egokia zegoen, eta kokapen estrategikoari esker —Mediterraneoaren eta iparraldearen gurutzagunean— ekoizpen eta banaketa sare zabal bat garatu zen.
Gainera, I. mendean municipium romanorum izendatu zutenez, pribilegio horrek jarduera ekonomikoa bultzatu zuen, eta tailer ugari sortu ziren. Ezagunak dira, besteak beste, Valerius Paternus, Sempronius, Lapillius edo Matemus Blandus artisauak. “EX OF VAL PAT” zigiluak, adibidez, “Valerius Paternusen lantegian egina” zela adierazten zuen. Tailer horiek egindako piezak ez ziren tokian bertan bakarrik erabiltzen: Portugalen, Mauritanian, Britanian, Germanian eta Asian ere aurkitu izan dira.
Testuinguru horretan, Oiassoko portuak garrantzi estrategikoa zuen: metalak, arraina, kontserbak eta bestelako produktuak esportatzeaz gain, litekeena da terra sigillata ere handik banatzea.
Irudika dezagun Oiassoko garai hartan biziko bagina eta lagun bat bazkaltzera gonbidatuko bagenu. Otorduari garrantzi handia emango genioke: arraina bere garum saltsarekin, eta bestelako jaki goxoak prestatuko genituzke. Baina, ziurrenik, kezka nagusia ez litzateke soilik zer jan, baizik eta nola eta zertan zerbitzatu. Zorionez, terra sigillata zeramikazko plater ikusgarriak edukiko genituzke. Garai hartako etxeetako hormak ia apaingarririk gabe egon arren, mahai gaineko ontzi gorri distiratsuek dotorezia handia emango zioten etxeari. Eta edalontziek ere bazuten bere garrantzia: Nafarroako Erriberan egindako “horma fineko” edalontziak ezinbestekoak ziren erromatar kutsua erakutsi nahi zuen etxe batean.
Bi mila urte igaro dira ordutik, baina gaur egun ere halako zeramikaz apaindutako mahai baten aurrean eseriko bagina, ontzien edertasunak liluratuko gintuzke. Seguruenik, jakiak nola prestatzen zituzten edo zer ardo zerbitzatuko liguketen baino gehiago. Pentsa daiteke Oiassoko familia askok plater gorrixka distiratsu horietan jaten zutela, Mediterraneoko beste hiri askotan bezala.
Terra sigillata ez da zeramika mota eder eta zaindu bat bakarrik: arkeologiarentzat informazio-iturri baliotsua ere bada. Merkataritza sareak ekonomia eta eguneroko bizimodua ulertzeko aukera ematen du. Ontzi horiek erromatar eguneroko bizitzaren isla dira: mahaiko ohiturak, janaria zerbitzatzeko moduak eta etxe barruko kultura materiala ezagutzeko giltza.
Bitxia da, hala ere, terra sigillata-ren modak bi mende eta baita gehiago ere iraun izana; gaur egungo Duralexak, berriz, ez zuen bi hamarkada ere bete modaren gailurrean. Zein azkar aldatzen diren ohiturak! Eta a zer abiadan goazen…



