Era askotariko tailerrak eskaintzen ditu Caser Residencialek

Era askotariko tailerrak eskaintzen ditu astero Caser Residencialek. Tailerrak Caser Residencialek Anaka eta Betharramen dauzkan egoitzetan egin ohi dira eta egoiliarrek asko disfrutatzen dute tailer hauen bitartez proposatzen zaizkien jarduerekin.

Musika-terapiaren bitartez bi eratako tailerrak egiten dituzte: Musika-terapia Ludikoa eta Musika-terapia Funtzionala. Musika-terapia ludikoko tailerrak oso aktiboak dira eta, bertan, abesti ezberdinak gogoratu eta abesteko ariketak egiten dira, perkusiozko instrumentuekin abestiak jarraituz. Musika-terapia funtzionaleko tailerrak, berriz, talde murriztuetan egiten dira, haien premietara egokituz, egoiliarrek musikaren erritmoa jarraitzen dute gorputz atal ezberdinak erabiliz. Abenduraren 19an Musika-terapia funtzionalarekin loturiko kontzertua egingo dute Anakako egoitzan.

Joan den urtean Anakako egoitzan egindako Arte-terapia tailerren arrakasta ikusita, aurten bi egoitzetan martxan dago tailer mota hau. Marte elkartearen laguntzarekin, egoiliarrek haien sormen artistikoa garatzen dute. Joan den urtean koadroak pintatu zituzten eta orain buztina lantzen hasiko dira.

Bestetik, egoitzetako psikologoek errealitate birtualeko tailerrak antolatzen dituzte erlaxazioa eta garapen kognitiboa lantzeko. Betaurrekoen bitartez, egoiliarrek nekazal inguru, museo, tailer eta pasai nazional eta internazionalak ikusten dituzte. Erlaxazio tailerretan, berriz, fisioterapeuten laguntzarekin, egoiliarrek 5 zentzumenak lantzen dituzte masaje, bideo eta material ezberdinen bitartez.

Anakako egoitzan San Vicente Ikastetxeko haurrekin Belaunaldien arteko tailerra egiten dute. Ikasleek egoiliarrekin eskolan landutako baloreen inguruan mintzatzen dira. Itxaropena izan da aurten landutako balorea.

Bestelako aktibitateak
Aipatutako tailerrez gain, bestelako aktibitateak ere egiten dituzte. Esaterako, terapeuta eta animatzaileekin estimulazio fisiko eta kognitiborako ariketak egiten dituzte. Hortaz gain, noizbehinka, bestelako elkarteen kolaborazioari esker, ekintza bereziak egiten dituzte. Joan den hilabetean Abarka GKEko “Lolipops payasa trotamundos” pailazoaren tailerra izan zuten. Azaroan, berriz, Aquariumeko langileekin arrainen mundua jorratzeko tailerrak egingo dituzte bi egoitzetan.

Hortaz gain, abenduan Anako egoitzaren urteurrena ospatzeko ekintza bereziak antolatuko dituzte. Caser Residencialetik Gabonak ospatzeko antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen zaie irundar eta hondarribiar guztiei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude