Aitor San Martin gazte irundarrak bere lehen nobela kaleratu berri du. “Asesino entre pupitres” izenburua duen nobela beltz honek Irungo Txingudi Ikastolan jazotako hilketen inguruko istorio misteriotsua kontatzen du. Hilketa eta gertakari misteriotsuez gain, eskola jazarpena eta indarkeria matxista bezlako gaiak jorratzen ditu liburuak.
Azaroaren 8an Irungo Udal Liburutegian aurkeztu zuen Aitor San Martinek, senide eta lagunen babespean, bere lehen nobela. “Idazten urteak daramatzadan arren, argitaratu dudan lehen liburua da hau”, azaldu du idazle irundarrak. 18 urte inguru zeuzkanean hasi zen “Asesino entre pupitres” nobelaren lehen zertzeladak paperean idazten. Aitor San Martinek azaldu duenez, “medikuntza ikasketen artean libre izandako momentuak aprobetxatu ditut nobela idazteko”.
“Medikuntza ikasketen artean libre izandako momentuak aprobetxatu ditut nobela idazteko”
Aitor San Martin, idazlea
Gorka Arnaiz izeneko 16 urteko ikastolako ikaslea da San Martinen lehen nobela honetako protagonista. Hasieran Gorkak bizimodu arrunta duela iruditu arren, istorioak aurrera egin ahala, bat-batean, ikastetxean gertatutako eraso batzuen erdian murgildurik aurkituko da. Ikaslea Ertzaintzarekin elkarlanean arituko da eleberrian zehar ikastolan jazotako argitzen saiatzeko. Erasoez gain, liburuan eskola jazarpena edo indarkeria matxista bezalako bestelako gaiak ere landu ditu idazleak.
“Istorioak errealitate puntu bat edukitzea garrantzitsua
iruditzen zait irakurlea istorioan murgildu dadin”
Aitor San Martin, idazlea
Aitor San Martinek onartu duenez, nobela beltzaren generoaren barnean kokatzen diren eleberrien irakurle amorratua da. Agatha Christie eta genero bera lantzen dituzte beste egileen liburuetan irakurritakoa erreferente moduan erabili du idazleak bere lehen lana idazterako orduan. Hortaz gain, bere lehen liburua argitaratu ahal izateko, Aitor San Martinek ezinbesteko izan du Seleer argitaletxeak eskaini dion konfiantza eta laguntza guztia. Lehen lana argitaratu berri duen arren, bigarren liburu baterako nobelako protagonistak eman dezakeen jokoan pentsatzen ari da jada idazlea.
Etxera ekarritako istorioa
Aitor San Martinek azaldu duenez, nobela bat idaztea erabakitzen duzunean pertsonaiak eta horien rolak erabakitzea da eginbeharreko lehen gauza. Han-hemenka sortutako ideiak paperean bildu ostean lortu zuen idazle gazteak istorioa pixkanaka osatzea.
Hasieratik bukaeraraino asmatutako istorioarentzako kokapena bilatzeko ordua iritsi zenean, ordea, gertaerak ondo baino hobeto ezagutzen dituen lekuetan kokatzea erabaki zuen: Irunen eta Txingudi Ikastolan. Aitor San Martinek azaldu duenez, “istorioak errealitate puntu bat edukitzea garrantzitsua iruditzen zait irakurlea istorioan murgildu dadin”. Orain irakurleen eskuetan egongo da ikastolako korridoreetan jazotako gertaera misteriotsuak argitzeko aukera.