Etxez etxeko salmenten arriskuak

ACUBI kontsumitzaile elkartearen kolaborazioa

Gai berria ez den arren, azkenaldian etxean, bertan egiten dizkiguten salmenten inguruko kontsultek gora egin dute. Legeak honelako salmenten aurrean kontsumitzaileak babesteko neurri batzuk ezartzen ditu, gehiegikeriazko praktika komertzialak ekiditen saiatzeko.

Hala ere, honelako erosketa bat egiterakoan gogoan izan behar da kontratua beti idatziz sinatu behar dela, saltzaileak zein kontsumitzaileak sinatu beharko dutela kontratua eta data kontsumitzaileak eskuz idatzi beharko duela kontratua sinatzerakoan.

Uko-egite eskubidea
Hortaz gain, kontratuarekin batera uko-egite dokumentua eman behar zaio erosleari, hizki nabarmenekin uko-egite eskubideari buruzko informazio zehatza eta ulergarria emateko. Uko-egite eskubideak 14 egun naturaletako epea dauka eta inolako zigor edo penalizaziorik gabe eta arrazoiak justifikatzeko beharrik gabe, establezimendu komertzialetatik kanpo edo distantzian egindako kontratua eraginik gabe uzteko kontsumitzaileak duen eskubidea da.

Era honetako erosketak egiteko gomendioak:
1. Ez erosi era konpultsiboan. Hausnartu produktuari buruz: benetan behar dugun eta erosi nahi dugun ala ez.

2. Gomendagarria da leku finkoetan edo maiztasun jakin batekin saltzen dutenei erostea, edozein arazoren aurrean bitartekotza errazagoa izango baita.

3. Kontratua sinatu aurretik, ziurtatu produktuak saltzaileak edo enpresak deskribatzen dituen baldintzak betetzen dituela.

4. Ondo irakurri kontratua sinatu aurretik eta legeak finkatzen dituen baldintzak betetzen dituela ziurtatu. Ez sinatu ulertzen ez duzun ezer.

5. Ez fidatu kontratuan helbide bezala posta kutxa soil bat bakarrik agertzen duen saltzaileez.

6. Egiaztatu noren esku dauden produktuaren bidalketa-gastuak.

7. Osasun gaitzak sendatzearen promesa egiten dituzten mirarizko produktuekin ez fidatu.

8. Etxera saltzera datozkigunean, ondo ziurtatu saltzera etorri zaigun pertsonaren nortasuna, eta ordezkatzen duen enpresarentzat egiaz lan egiten duela egiaztatu.

Kontsumo gaien inguruko galdera edo zalantzarik izatekotan, gogoratu ACUBlren aholkularitza zerbitzua eskura dago ostegunero10:00etatik 13:00ak arte Hondarribiko Kasino Zaharrean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude