Jon Morillo, txirrindularia: “Horrelako erronka batean inguruko jendearen babesak asko bultzatzen zaitu”

Jon Morillo txirrindulari eta entrenatzaile irundarrak everesting proiektua jarri du martxan. 2026. urtean zehar, hilean behin, eskualdeko mendi bat igoko du Everest mendiak duen desnibel metatua pixkanaka lortzeko. Txrrindulariak elkarrizketa eskaini du erronka nola sortu zen azaldu eta aurretik dituen desafioak nolakoak izango diren aurreratzeko.

Nola bururatu zitzaizun Everesting proiektua martxan jartzea?

Duela bi urte lehiaketak utzi nituen, baina ultradistantzia eta erronkak egiteko asmoarekin. Hasieran bururatu zitzaidan Done Jakue bidea egiten hastea horretarako aukera on bat izan zitekeela. Hori prestatzeko erronka txikiagoekin hasi nintzen. Irundik Burgosera, Espinosara, joan nintzen eta 300 kilometro inguru izan ziren. Gero ere, Formigalera joan eta etorria egin nuen eta baita San Martzial mendiko Everestinga, geroago aipatuko duguna. Horrela jakin nuen txirrinduaz modu honetan disfrutatzea gustatzen zaidala, eta beraz, proiektu hau prestatzea erabaki nuen.

Erronka honek, gozamenaz gain, ba al du beste helburu zehatzik?

Alde batetik, nire buruaren aurka lehiatzea. Bestetik, Everestingak partekatzeko aplikazio bat dagoela jakin dut eta bertan kirolariek egindako erronkak zabaltzen dituzte. Horrela, bizikleta uzten dudanerako sailkapen horretan ondo kokatuta egotea gustatuko litzaidake. Horregatik, aurten ahalik eta everesting gehien egiten saiatu nahi dut, eta gauzak horrela, hilabete bakoitzean bat egitea pentsatu dut. Dena den, hor nonbait sorpresatxo bat dago, baina oraindik prestatu gabe dagoenez, ezin dezaket ezer esan.

Horrela jakin nuen txirrinduaz modu honetan disfrutatzea gustatzen zaidala, eta beraz, proiektu hau prestatzea erabaki nuen

Joan den urtean San Martzial mendian egindako everestinga izan daiteke proiektuaren abiapuntua?

Done Jakue bidea prestatzeko entrenamendu luze bat egin nahi nuen eta Irungo Txirrindulari Elkartearentzat dirua biltzeko aitzakia ona izan zitekeela pentsatu nuen. Beraz, hori izan zen lehen everestinga eta oso ondo joan zen.

Horren ostean, zein beste erronka egin dituzu 2026. urtearen hasieratik?

Done Jakue bidea egin eta gero opor txiki batzuk hartu nituen, hau da, 2 edo 3 aste egin nituen bizikleta ukitu gabe, aurretik egindakoaz ondo errekuperatu eta suspertzeko. Era berean, proiektu hau prestatzen hasi nintzen. Urtarrilean Alacanten Coll de Rates egin nuen, hori izan baitzen lehenengoa. Orain gutxi bigarrena Jaizkibelen egin dut. Igande honetan berriz, martxoaren 8an, Ibardinekoa egingo dut eta eguraldiak nire ahalegina errespetatzea espero dut.

Nola aurreikusten duzu Ibardingo erronka?

Uste dut aurretik egin ditudanen antzekoa izango dela. Guztira, 12 edo 13 ordu izango dira. Portua ez da bereziki zaila, lehenengo zatia lasaiagoa baita, baina egia da azken 800 metroak oso gogorrak direla. Beraz, lehenengo zatian erritmo jarraitua eramaten saiatuko gara eta azken zatian, berriz, ahalik eta hobekien eramaten ahaleginduko gara.

Nola prestatzen dituzu probak jakinda ordu luzez errepikapen asko egin beharko dituzula?

Fisikoki noski, baina baita mentalki ere. Nik kilometro asko egiten ditut, nahiz eta ez daukadan prestakuntza zehatzik. Gorputza ohitzeko kilometro eta ordu asko egiten ditut. Uste dut nahiko gogorra naizela eta buruari kontra egiten saiatzen naiz. Orain 25 ditut, lehenengo 12ak egingo ditut eta pixkanaka buruan bueltak kentzen joango naiz, errazagoa izan dadin.

Apirilean everesting hirukoitz bat egiten saiatuko naiz, Erlaitzen

Erronka egin bitartean, nortzuk izaten dituzu ondoan?

Ba nire gurasoak eta familia batez ere. Nire bikoteak eta nire anaiak ere beti egun osoa bertan ematen dute. Goizeko 4:00etan hasiko naiz ahaleginean eta horretarako goizeko 2:00 edo 2:30ean hasi beharko naiz prestatzen. Beraz, haiek denbora guztian nire atzetik ibiliko dira, kotxearekin edo furgonetarekin igotzen, janaria eta ura eman eta arropa jartzen eta kentzen laguntzeko. 8:00etan gora joango dira anoa-postua eta karpa prestatzeko eta bertan emango dute egun guztia, erronka ikustera datorren jendearekin batera.

Jendea errepide bazterretik erronka ikustera eta animatzera etortzen da?

Bai, asko harritu nauen zerbait izan da. Irunen, San Martzial mendiko erronka egin nuenean espero zitekeen, azkenean familia eta lagunak bertakoak direlako. Alacantekoa egin nuenean berriz, jende dezente etorri zen ere, baita jende ezezaguna ere. Jaizkibelen, eguraldi oso txarra egin arren, jende asko etorri zen bizikletaz eta baita motoan, argazkiak eta bideoak ateratzera. Azkenean, horrelako erronka batean inguruko jendearen babesak asko bultzatzen zaitu.

Senideen laguntzaz gain, erronka aurrera eramateko babeslerik duzu?

Lehengo urtean arropa eta janaria lortzeko babesle bila hasi nintzen eta Crown markak janaria ematen dit, hau da, gelak eta barrak, eta Sirokok arropa ematen dit. Aurten lortu dugu Irun Bike Centerren, Irungo txirrindularitzako denda baten, enbaxadore izatea. Beraz, beraiek materiala eta txirrindua ematen dizkidate. Dena den, horrelako erronka bat antolatzeko, dirua baino gehiago, denbora da kontua. Eskerrak nire gurasoek uneoro laguntzen didaten eta gainontzeko jendea datorrenean ere asko eskertzen da laguntza, baita erronka zabaltzeko argazkiak eta bideoak bidaltzea ere.

Txirrindularitzaz hitz egiterakoan, ohikoena beste txirrindularien aurka lehiatzea izaten da, baina zuretzat erakargarriagoa da zure buruaren aurka lehiatzea?

Azkenean, txirrindularitzaz gozatzeko bi modu ezberdin dira. Nik 10 urte eman ditut txirrindularitzaren munduko ohiko txapelketetan parte hartzen. Oraindik ere mundu horren parte naiz, orain junior taldearen zuzendari bezala, baina, egia esan, ez dut faltan botatzen txapelketen mundu hori. Orain txirrindularitza beste modu batean bizitzen ikasi dut. Nire buruaren aurka aritzen naiz baina nire erritmoan, beraz, exigentzia maila baxuagoa da, ni naiz sentitzen dudan presioaren jabe.

Ibardinekoa egin ostean, zeintzuk izango dira urte bukaera bitarte egingo dituzun beste erronkak?

Hilero erronka hauetako bat egingo dut. Apirilean everesting hirukoitz bat egiten saiatuko naiz, Erlaitzen, hau da, egun batean hasi eta hiru everesting osatzen saiatzea. Ez dakit lo egingo dudan edo ez, baina ia 27.000 desnibel-metro inguru izango direla uste dut, 76 aldiz. Beraz, hori izango da hurrengo erronka eta ea eguraldiak laguntzen didan. Jendeari ni animatzeko gerturatzea eskatu nahiko nioke, noski, erronka errazagoa izan dadin.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude