Teresa Errandonea, lasterkaria: “Lehiaketa bakoitza marka hobetzeko eta sentsazio hobeak izateko aukera berri bat da”

Teresa Errandoneak indarberrituta ekin nahi dio denboraldiaren bigarren zatiari. Lesioak tarteko, pista estaliko denboraldia Belgradeko Munduko Txapelketan parte hartuz amaitzea lortu du irundarrak. Lasterkariak finalaurrekoetaraino iristea lortu zuen. Teresa Errandoneak buruan jada pista irekiko erronkak dituela azaldu du.

Nolako sentsazioekin itzuli zara Belgradeko Munduko Txapelketatik?
Urte hau zail samarra izaten ari da niretzat. Aurreko urtea oso ona izan zen, Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera izan bainuen, baina lesio bat izan nuen. Horren ildotik, aurtengo denboraldi aurrea gogor samarra izan da, haustura itxi behar izan nuelako eta entrenamenduak egokitu behar izan nituelako. Gero, alde guztietatik atera zaizkit eragozpenak, eta ezin izan naiz txapelketetara nahi nuen bezala iritsi. Hala ere, pozik nago mentalki oso zaila izan den denboraldia amaitzea lortu dudalako, eta ez nuen uste nire egoeran munduko txapelketa bateko finalaurrekora iristeko gai izango nintzenik. Duela bi urte, 2020an, munduko indoor txapelketarako lehen minimoa lortu nuen, baina ezin izan nintzen pandemiagatik lehiatu; beraz, oraingoan lehiatzeko gogo handia nuen.

Maila honetako txapelketa batean finalaurrekora iristea garrantzitsua al da zuretzat?
Nire entrenatzaile Ramonekin komentatzen nuen hori, neurri batean neguko denboraldia amaitzeko gogo handia nuela, ez bainintzen ondo pasatzen ari. Baina munduko txapelketara joan eta nire bertsiorik onena ateratzen saiatuko ginela erabaki genuenn. Banekien erronka zaila zela, kanporaketak goizeko 10:00etan zirelako, eta gurea bezalako proba batean ez da erraza ordu horietan lehiatzea. 8,12 puntu lortu nituen eta horrekin Espainiako Txapelketan lortutako marka berdindu ahal izan nuen. Horrek sentsazio onarekin amaitzeko aukera eman zidan, eta finalerdietara pasatu nintzela jakin nuenean are gehiago poztu nintzen.

Presio erantsia da goi mailako atleten aurka lehiatzea?
Uste dut horrek motibazioa eransten diola lehiari. Niri parean edo nire aurretik egongo den jendearekin lehiatzea gustatzen zait, eta horrek bultzatzen nau nazioarteko lehiaketetan parte hartzera, atleta horien aurka neurtu nahi baitut neure burua.

Atleta batentzat erraza al da lesio fisiko bat mentalki kudeatzea?
Nik, nire kasuan, iaz buruan oso sartuta neukan Olinpiar Jokoetara iritsi behar nuela, entrenamenduetan ere ez bainuen nabaritzen haustura baten mina. Behin helburu hori lortuta eta erronkarik gabe geratzen zarenean hasten zara benetan mina sentitzen. Udazkeneko hilabeteak oso astunak egin zitzaizkidan, eta leku berrietan mina nabaritzeari hasi nintzen, nahi gabe ere hasierako lesioak eragindako mina orekatzen saiatzen bainintzen. Horregatik, neguaren prestaketa oso gogorra egin zait, nahiz eta horrek ere asko ikasteko aukera eman didan denboraldiaren lehen zati honetan. Kirolean horrelako gauzak gertatzen dira, baina garrantzitsuena zer nahi duzun argi izatea da.
Egutegian kirol hitzordu handiak egiteke daudenean, nola egiten zaie aurre maila baxueneko lehiaketei?
Pista estaliko denboraldia oso laburra da; horregatik, lehiatzeko gogo handia dudalako joaten naiz lehiaketa guztietara, eta joaten banaiz, dena emango dudalako da. Egutegia arreta handiz antolatzen dugu, beti azken helburua lortu ahal izateko. Lehiaketa bakoitza marka hobetzeko eta sentsazio hobeak izateko aukera berri bat da.

Orain etapa berria hasten da, aire zabaleko pista denboraldia. Nola gustatuko litzaizuke aurre egitea?
Mundiala amaitu bezain laster, egun horretan bertan niretzat etapa berri bat hasten zela argi izan nuen. Nire lehentasuna lesiotik errekuperatzea da, eta fisioekin lanean ari naiz hori lortzeko. Denboraldiaren bigarren zati hau minik gabe hasi nahi dut, udako denboraldi hau oso polita izan daitekeela uste baitut. Nazioarteko txapelketa asko ditugu aurretik eta denetan egon nahi dut. Oraintxe bertan mina daukat Akilesen orpoan. Pixkanaka-pixkanaka entrenatzen hasi nahi dut, nahiz eta poliki eta progresiboki izan, gehiago zentratuko naiz neurean. Hitzordu nagusiak Europako Txapelketa eta Munduko Txapelketa izango dira. Uste dut Munduko Txapelketa uztailaren 14tik 24ra izango dela eta Europakoa, berriz, abuztuaren 14tik 21era.

Zer hobetu edo landu nahi duzu hemendik aurrera entrenamenduetan?
Hasi naiz entrenatzen. Oraingoz, inpaktu gutxiko zirkuitu eta ariketa asko egiten ari naiz. Hobeto aurkitzen hasten naizenean, nire entrenatzaile Ramonek ezarritako helburu guztietan lan egin. Oraindik uste dut hobetzeko tarte handia dugula. Hiru urte baino ez dira igaro entrenatzailea aldatu nuenetik, eta nire prestaketa goitik behera aldatu da. Oraindik ez daukat automatizatutako gauza asko nire buruan. Oraindik ere hobetu daitezkeen teknika asko daude, batez ere lasterketetan eta hesietan. Uda honetan nire bertsiorik onena atera nahi dut.

Zer eskatzen diozu denboraldiaren bigarren zatiari?
Lesioek errespeta nazatela nahi dut, hala egonik gelditu ez banaiz ere. Urte eta erdi minduta egon ondoren, zaila da; beraz, erabat osatzeko gogo handia dut. Denboraldi normala izan nahi dut. Munduko txapelketan eta Europakoan egotea lortzen badut pozik baino gehiago egongo naiz. Helburua beti izango da iaz lortu nuen marka pertsonala hobetzea, oraindik posible dela uste baitut, 13.04 segundotan baitaukat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude