V. Salto Systems Txapelketa martxan da eta izena emateko epea jada ireki dute antolatzaileek. Salto Bidasoa Xake Taldeak, bosgarren urtez jarraian, xake festa hau prestatu du Irungo Udalaren, La Salle San Marcial Elkartearen, Gipuzkoako Xake Federazioaren eta Salto Systems babesle nagusiaren laguntzarekin. Txapelketa 2026ko apirilaren 18an, larunbata, jokatuko da
Irungo Uranzu pilotalekuan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Guztira 150 plaza egongo dira, eta joko-sistema 7 txandako suitzarra izango da, 7 ‘+3 ” ritmora jokatuko delarik.
Kategoriei dagokienez, izen-ematea hiru multzo nagusitan banatuko da: Absolutua Federatuak, indarrean dagoen lizentziarekin; Absolutua Zaleak, lizentziarekin edo gabe eta 1600 Elo Fide baino gutxiagorekin; eta, azkenik, Sub-16 mailakoak, A, B eta C taldeetan banatuta lehiatuko direnak.
Edizio honek nobedade garrantzitsuak dakartza, batez ere Maila Absolutuan, bi talde ezberdin egongo baitira. Lehenengo taldea lizentzia federatua duten jokalarientzat gordeko da eta Fide Blitz Elorako balioagarria izango da. Bigarren taldean, aldiz, edozein zalek hartu ahal izango du parte, lizentzia izan ala ez, betiere 1600 Elo Standard baino gutxiago badu. Gainera, aurten garaikur berezi bat emango zaio parte-hartzaile gehien ekartzen dituen klubari, baldin eta taldeko kamiseta edo sudadera jantzita badute (Bidasoa Xake taldea saritik kanpo geratuko da).
Lehiaketaren erdian, parte-hartzaile guztiek indarrak berritzeko aukera izango dute. Antolakuntzak askari bat (sandwicha eta edaria) eskainiko die 16 urtetik beherako kategoriako gazteei, eta maila absolutuko jokalariek, berriz, lunch batez gozatu ahal izango dute. Txapelketa amaitzean, sari banaketa ekitaldia egingo da, non garaikurrak, dominak eta produktu-sortak banatuko diren kategoria bakoitzeko irabazleen artean.
Izen ematea
Izen-ematea zabalik egongo da apirilaren 16ra arte, eta parte hartu nahi dutenek bxktorneos@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko dute. Mezuan datu hauek zehaztu behar dira: izen-abizenak, kluba edo herria, jaiotza-urtea eta zein kategoriatan jokatu nahi den. Inskripzio-kuotari dagokionez, Federatuen kategoriakoek 10 € ordaindu beharko dituzte, eta gainontzeko jokalariek 5 € (Bidasoa Xakeko bazkide eta ikasleentzat doakoa da). Ordainketa txapelketa hasi baino 15 minutu lehenago egingo da Uranzu pilotalekuan bertan.



