Gaur, apirilak 23, Irungo San Juan plaza literaturaren epizentro bihurtu da Liburuaren Eguna ospatzeko. Goizeko 10:00etan puntuan ireki ditu ateak liburuen karpak, eta ordutik jendearen joan-etorria etengabea izan da postuen artean. Eguneko lehen ordu hauetan, CBA udal liburutegian Irakurketa Publikoak hasi dira.
Goizeko 10:30ak pasata, dagoeneko burutu dira programatutako lehen ekitaldi nagusiak. CBA liburutegian “On Kixote” obraren irakurketa publikoa hasi da ordu horretan, eta San Juan plazan mikrofono irekiaren saioa abiatu da, herritarrei hitza emanez. Une honetan, goizeko lehen zati hori itxita, azokak martxa betean jarraitzen du eguerdira arteko tartean.
CBA udal liburutegian, Irakurraldi Publikoaren 26. edizioa egingo da egun osoan zehar. Goizeko 10:00etatik aurrera, Moebiusen ertzak irakurtzen hasi da, Garazi Kamiorena autorea berak irakurketari hasiera eman diolarik. 10:30etatik aurrera berriz Miguel de Cervantesen Don Quijoteren irakurketari ekin zaio urtero moduan.
Arratsaldean ekintza gehiago
Hala ere, gaurko programazioaren punturik indartsuenak arratsaldean iritsiko dira, oraindik egiteke dauden ekintza ugarirekin. Bazkalostean, azokak ateak irekita mantenduko ditu, eta 18:00etik aurrera kultur eskaintza nabarmen zabalduko da.17:00etik 18:00era eta 18:00etik 19:00era orri markatzaileak sortzeko bi saioko tailerra eskeiniko du Marta Sensorialek. 18:30ean, literatur generoen sorkuntza prozesuari buruzko mahai-ingurua egingo da IrekiART aretoan, idazketaren barne-munduan murgiltzeko asmoz.
Eguna borobiltzeko, musikak eta elkarrizketak hartuko dute lekukoa iluntzean. 19:00etan, Ametsa Kimua ganbera abesbatzak kontzertu berezia eskainiko du CBA Udal Liburutegian, liburuen artean giro magikoa sortuz. Azkenik, 20:00etan, Zuhaitz Gurrutxaga izango da protagonista “Geltoki” topaketan, Irun Zuzenean aretoan. Ekitaldi honekin emango zaio amaiera gaurko jardunaldiari, goizetik hasitako letren jaiari amaiera jarriz.
Hitzak objektu bihurtzen direnean
Azoka honetaz gain, herritarrek “Hitzak objektu bihurtzen direnean” erakusketa berezia bisitatu dezakete CBA liburutegian maiatzaren 30era arte. Artistas en su papel taldeak (Arri Bidasoro, Txus Sanz Lisarri, Cristina Sánchez-Marco, Victoria Arkaia, Karmele Agirrezabal, Irene Merino eta Arantza Albisu) 70 artista-liburu baino gehiago bildu ditu bertan. Erakusketa honek liburuaren kontzeptu tradizionala gainditzen du, papera, oihala edo metala bezalako materialak erabiliz liburuak benetako artelan bihurtzeko. Sormen askearen bidez, iraunkortasuna eta birziklapena bezalako gaiak jorratzen dituzte, artearen muga fisikoak zabalduz. Bisita ordutegia astelehenetik ostiralera 9:00etatik 20:00etara da, eta larunbatetan 9:00etatik 13:00etara.



