Gaur goizean, apirilak 22, Irungo Liburu Azokari hasiera eman diote Cristina Laborda alkateak eta Nuria Alzaga Kultura ordezkariak. Aurtengo edizioak berrikuntza nabarmen bat dakar: bere kokapena. Azoka San Juan plazan instalatu da, CBA liburutegitik gertuago egon dadin eta guneak eskaintzen dituen aukera sortaz baliatzeko. Alkatearen hitzetan, helburua kultura irundarrei hurbiltzea da, programazio guztia puntu bakar batean zentratuz, herritarrek literaturaz modu irisgarrian goza dezaten.
Liburuaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan (apirilak 23), azokak hogei bat jarduera eskainiko ditu gaur eta bihar bitartean. Ordutegia 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da. Gaurko eguna, asteazkena, bertako idazleei eskaini zaie bereziki, eta haien lanak izango dira salgai. Bihar, berriz, Tinta Comics eta Elkar liburu denden salmenta-puntuak gehituko dira azokako karpara, eta liburu sinatzeak, aurkezpenak, mikrofono irekia zein literatur solasaldiak egongo dira.
Geltoki topaketak eta irakurraldi publikoa
Egitarauaren barruan, aipatzekoak dira Jabier Muguruza eta Zuhaitz Gurrutxagarekin egingo diren Geltoki Topaketak, baita Jam idazkera saioak ere. Gainera, urteroko tradizioari jarraituz, CBA liburutegia izango da agertoki nagusietako bat. Bihar, hilak 23, Irakurraldi Publikoaren 26. edizioa ospatuko da 10:00etatik aurrera. Garazi Kamiok emango dio hasiera bere Moebiusen ertzak lanarekin, eta ondoren, Miguel de Cervantesen Don Quijote liburuaren txanda izango da; irakurketan alkateak eta Kultura ordezkariak ere parte hartuko dute.



