Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazten du 18.95 programaren beste saio bat egingo dela. Ekimen horrek zinema eta animazioa uztartzen ditu, eta Amaia KZko auditoriumean izango da emankizuna otsailaren 12an, igandearekin, 17:00etatik aurrera. “La princesa Mononoke” filma proiektatuko da eta, aurretik, “El hombre cono” film laburra. Biak ala biak jatorrizko bertsioan emango dira, gaztelaniazko azpidatziekin.
Beste zinema-proiekzio batzuek ez bezala, 18.95 programan animazioa eskaintzen da aldez aurretik, proiekzioa dinamizatzeko. Programaren bosgarren deialdi honetarako hautatu diren bi obrei esker, ikusleek Japoniako kultura tradizionala ezagutzeko aukera izango dute, Hayao Miyazaki animearen maisuaren eta Ghibli estudioen bidez. Proiekzio nagusia La princesa Mononoke filma izango da, eta aldez aurretik El hombre cono film laburra jarriko da.
Gainera, Aiko Euskal Japoniar Elkartearen eskutik, askotariko proposamenak izango ditugu emanaldiaren aurretik. Horrela, hitzordua Ekialde Urruneko herrialde hartako kulturan murgiltzeko aukera paregabea izango da. Saioa 17:00etan hasiko da, oholtza gaineko zenbait ekimenekin. Ordubete iraungo dute gutxi gorabehera, eta tartean aukera izango dugu kimonoaren erabilerari buruzko hitzaldi-aurkezpen bat entzuteko, emakumezko azken samuraiaren benetako istorioaren berri emango digun antzezlan bat ikusteko edo obraren aktore eta zuzendariarekin gai horretaz hitz egiteko. Horrez gain, kimono-oihalekin eginiko koadroekin apainduko da aretoa.
Sarrerak dagoeneko salgai daude ohiko tokietan (5,50 euro bakoitzak): www.irun.org/entradas helbidean, Luis Marianoko turismo-bulegoan eta Amaia KZko leihatiletan ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, betiere sarrerarik geratzen bada.
18.95 programa
Izena zinema sortu zen urtetik datorkio programari. Izan ere, 1895ean, Lumière anaiek proiekzio bat argitaratu zuten; lehen aldia zen, eta zazpigarren artearen jatorritzat hartzen da. 18.95 programak «Bizinema Bang Bang» ekimenaren lekukoa hartu zuen, orain arte programa horrek eskaintzen baitzituen jarduerak, parte-hartze bidezko aurrekontuen esparruan egindako proposamen bati esker.