Irungo Udalak astelehen honetan eman du Irungo laurogei urteko gizon bat etxetik kaleratzeko arriskua dela eta egin dituen jarduketen berri. Duela gutxi jakinarazi da kasua, eta asteartean elkarretaratze bat deitu dute Donostian egoera salatzeko.
Udaleko gizarte-zerbitzuak gizon honen kasua lantzen ari dira duela urte batzuk egoeraren berri izan zutenetik. Ezarritako bideetatik kudeatu da kasua, egoeraren arabera egokiak diren baliabideak aktibatu dira, eta beharrezko izapide guztiak egin dira pertsona horren egoera hobetzen saiatzeko.
Zehazki, laguntza horren ondorio gisa, duela hiru urte Irungo Udalak hainbat izapide gauzatu zituen eta, horiei esker, etxebizitzan geratzeko luzapen bat lortu zen. Gainera, Udalak epaitegiekin koordinatzeko protokoloa bete du, pertsona horren zaurgarritasuna egiaztatzeko txostenak eginda. Era berean, horrelako kasuetan eska daitezkeen prestazio ekonomikoak eskaini dizkio, bai eta horrelako egoera kudeatzeaz arduratzen diren gizarte-zerbitzuen laguntza ere.
Udala herritar honekin koordinatuta dago une oro, kalean gera ez dadin eta haren egoerak hobera egin dezan, baita Kaleratzeak Stop plataformarekin ere, erakunde hori ari baitzaio aholkularitza juridikoa ematen.
Hori guztia dela eta, Cristina Laborda eta David Nuño ordezkariak Irungo herritar honi babesa adierazteko Donostian egitekoa den elkarretaratzean izango dira bihar, udal-gobernuaren ordezkari. Era berean, Udala egoeraren gainean dago, eta eskura dituen izapide guztiak egiten ari da gure hiriko bizilagun honen ongizatea lortzeko.